Kontxako baranda, Bretxa eta instalazio fotovoltaikoak izan ditu hizpide Tokiko Gobernu Batzarrak
Asteartean bildu zen Tokiko Gobernu Batzarra: Bretxa inguruko urbanizazioaren lanen esleipena, Kontxako barandaren zatiketa eta instalazio fotovoltaikoak izan zituzten hizpide.
Batzarrak onartu du Bretxako eremuaren urbanizazio osagarriaren proiektuko obren esleipena, eta Urbycolan enpresa izango da obra horretaz arduratuko den enpresa. Hamabi aste izango ditu obra egiteko, 546.339 euroko esleipen prezioarekin. Iñigo kalean, Aldamar kalean eta Bretxa inguruan eragingo dute obrek, besteak beste; izan ere, hauek izango dira egingo dituzten lanak: Iñigo kaleko ibilgailuentzat diren zonetan zoladurak berritu nahi dituzte, oinezkoei espazio gehiago emateko; Aldamar kalea berriro urbanizatzea da plana, bertatik igarotzeko baldintzak (ibilgailu edo oinezko izan) hobetzeko, eta Bretxa inguruan hobekuntzak egingo dira instalazioetan, beste lan batzuen artean.
Kontxako barandari dagokionez, Caldereria Pasajes enpresak dauka baranda zatitzeko ardura. Zortzi aste izango ditu enpresak lana burutzeko, 52.016 euroko esleipen prezioarekin. Instalazio fotovoltaikoak ere izan dituzte eztabaidagai; batzarrak esan duenez, autokontsumorako hiru eguzki instalazio fotovoltaiko kolektibo legeztatzeko, instalatzeko eta martxan jartzeko proiektuak aurreikusitako obra kontratatzeko espedientea martxan da, dagoeneko; Ikasbide ikastetxean, Orixe Zuloagan eta Zurriola Maritimo eraikinetan egingo dira instalazioak, proiektuak aurreikusten denez. 139.860 euroko da esleipenaren aurrekontua, baina hiru zatitan banatuko dute, eraikin bakoitzarentzat herena. Zortzi hilabetetako lana izatea aurreikusten da.