Look arropa denda historikoa itxiko dute
Donostiako saltoki historikoetako batek behin betiko itxiko du atea hilaren 31n: Urbieta kaleko Look arropa dendak. Hala iragarri zuen establezimenduak bere sare sozialetan: “Gure lan ibilbidea lokal eder honetan abuztuaren 31n amaitzen da, baina ez dut joan nahi nire bezeroei bihotz-bihotzez eskerrak eman gabe, haiekin ametsak partekatu baititut. Mila esker. Beti gogoratuko zaituztet. Agur bihotzak”.
Historia luzeko saltokia da Look, 1970eko hamarkadatik baitago irekita, eta asko dira bertatik pasatu eta bertan arropa erosi duten donostiarrak zein bisitariak. Arias-Camison familiak irekitako denda da, eta Ana Arias-Camison da egungo arduraduna, sendi horrek Donostian egindako merkataritza ibilbideko hirugarren belaunaldikoa.
Izan ere, jatorria Salamancan duen familia hau XX. mendearen hasieran heldu zen Donostiara, El Diario Vasco egunkariak jaso duenez, Jose Arias-Camisonek Bulebarrean Camison oihal denda irekitzea erabaki zuenean, 1929an. Camison dendak zabaltzen joan ziren hurrengo urteetan, eta sendiaren bigarren belaunaldiaren eskutik Loiola kalean bigarrena ireki ostean, hirian hamabi saltoki izatera heldu ziren. Horrez gain, Irunen, Gasteizen eta Zaragozan ere ireki zituzten establezimenduak baita Charlot galtza fabrika ireki ere.
1970eko hamarkadan, Urbieta kaleko Ayestaran gozotegiaren zati bat erosi zuen sendiak. 1886an inauguratutako gozotegia zen hori, eta Elias Ayestaranek 1908an garaiko sabai eta beirate eleganteekin birmoldatutakoa. Arias-Camison familiak, lokala eraberritu bazuen ere, elementu horiek mantendu zituen, bertan Look irekitzeko. 1980ko hamarkadan, ordea, bere saltokiak ixten joan behar izan zen sendia, azkenean soilik Lookekin gelditu arte. Orain, hori ere itxi egingo dute.