'Sleep' filmarekin ekingo dio ikasturteari Kresala Zineklubak
Abuztuko eta iraileko film proiekzioak iragarri ditu zineklubak.
Udako oporraldiaren ostean, datorren astean itzuliko da Kresala Zinekluba Trueba zinema aretora. “Iritsi da unea. Berriro elkartu behar dugu Kresala Zineklubaren leiho zoragarria, aurretik igaroko diren istorioei irekitzeko. Ordu gutxi barru, barre egin, negar egin, amorrua sentitu eta gauza txikiekin izutu ahal izango gara. Hurbildu saioetara!”, adierazi du zineklubak bere webgunean.
Zehazki, hilaren 27rako antolatu dute ikasturteko lehenengo film proiekzioa: Sleep film hego korearra emango dute (Jason Yu, 2023). CineAsiako Enrique Garcelan eta Gloria Fernandez izango dira gonbidatuak, eta, ohiko legez, filmaren ostean solasaldia egingo dute ikusleekin.
Era berean, iraileko lehenengo hiru saioetako filmak ere iragarri dituzte: 3an, Memories Of Murder (Bong Joon-Ho, 2003) proiektatuko dute; 10ean, Slow (Marija Kavtaradze, 2023) eta 17an, Un sol radiant (Monica Cambra eta Ariadna Fortuny, 2023). 17ko emanaldian, Cambra bera izango da gonbidatua. IRUTXULOKO HITZAk Kresala Zineklubeko emanaldi guztietarako sarrerak zozkatuko ditu Hitzakideen Txokoan.