Zerbitzuz kanpo utzi dute emaztea erailtzen saiatu zen ertzaina
Segurtasun sailak zerbitzuz kanpo utzi du pasa den larunbatean bere emaztea erailtzen saiatu zen ertzaina, Bingen Zupiria sailburuak Radio Bilbaon egindako elkarrizketa batean adierazi duenez. Ertzainak 2023ko azaroan sexua aldatu bazuen ere, eta juridikoki emakume bezala agertzen den arren, azaldu du ikerketaren arduradunek genero indarkeriatzat hartzen dutela eta hala aurkeztuko dutela fiskaltzaren eta instrukzio epaitegiaren aurrean.
Azpimarratu du ertzainak ustez egindakoak “oso larriak” direla, indarkeria matxista izan ala ez: emakume batek egin izan balu ere, familia indarkeria litzateke. Gaineratu du, halaber, Trans legea onartu zenetik gizartean eztabaida sortu dela.