Akordio batera iritsi dira: Mikel Merino Arsenalera doa
Ostegun honetan iritsi dira Reala eta Arsenal adostasun batera, eta Mikel Merino erdilari txuri-urdinarengatik 33,5 milioi euro ordainduko ditu Londresko taldeak. Prezioa ez da erabat finkoa, bost milioi euroko prezio aldagarria ezarri dutelako. Realaren historiako laugarren jokalari salmenta garestiena da Merinorena, Isak, Griezmann eta Le Normanden atzetik.
El Diario Vasco-k aurreratu duenez, Jokin Aperribai Realeko presidenteak itxi du akordioa Arsenaleko ordezkariekin, bi astez negoziatzen egon eta gero. Aperribaik esan duenez, 2025eko ekainaren 30ean bukatzen da Merinoren kontratua Realean, eta duela hilabete batzuk eskatu zuen jokalari nafarrak kontraturik ez berritzeko, Premier Leagueko klub zehatz batzuen proposamena jasoko balu.
Duela aste batzuk iritsi zen Arsenalen proposamena, eta negoziazioetan murgilduta egon da Reala, Merinorengatik ahalik eta diru gehien eskuratzeko, kontuan hartuta urtebeteko kontratua geratzen zaiola eta, hortaz, datorren urtean doan joan daitekeela.
Realeko izar, sei denboralditan
2018ko uztailean iritsi zen Merino Realera, talde txuri-urdinak Borussia Dortmund taldeari 12 milioi euro ordaindu ostean. Sei denboraldiz jokatu du Realean, eta talderentzat ezinbestekoa izan da. Ligako 190 partida, Kopako 24 eta Europako txapelketetako 28 jokatu ditu, guztira, 27 gol sartuz. Errendimendu horrek Espainiako Selekziorako ateak ireki zizkion, gerora.