Gizon bat atxilotu dute Aste Nagusian emakume bati sexu erasoa egitea egotzita
Ertzaintzak 27 urteko gizon bat atxilotu du Donostian, abuztuaren 18ko goizaldean Parte Zaharrean emakume bati sexu erasoa egitea egotzita. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Aste Nagusia amaitu zen goizalde horretan Ertzaintzak sexu eraso baten ustezko delituaren berri izan zuen. Azaldu dutenez, kalezulo batean gertatu zen erasoa eta biktima erasotzailea bultzatu ostean egin zuen ihes. Horren ostean, ospitale batean jaso zuen arreta eta orduan piztu ziren alarmak. Adierazi dutenez, halako kasuetan gertatu ohi den moduan, protokoloa martxan jarri zuten.
Ertzaintzak emakume gaztea artatu bezain laster abiatu zuen protokoloa eta bildutako datuekin abiatu zuten ikerketa, gertakarien ustezko egilea identifikatzeko. Erasotzailea larunbatean atxilotu zuten Donostian, eta epailearen aurretik pasa zen atzo goizean.