Gotzon Barandiaran eta Mugaldekoak, Poesia Orduak jardunaldietan
Poesia Orduak irailaren 2an eta 3an izango dira, Viktoria Eugenia klubean. Bi errezitaldi antolatu dituzte Donostia Kulturak eta Euskal Idazleen Elkarteak; biak, Viktoria Eugenia klubean izango dira, 19:00etan.
Irailaren 2an, Presbiziak lagundu omen digu saioa egingo dute Edu Zelaietak eta haren Mugaldekoak taldeak. Hain zuzen ere, literatura eta musika uztartuko dituzte. Zelaietak aurten Pamiela argitaletxearekin argitaratu duen izen bereko liburua oinarri gisa hartuko dute.
Irailaren 3an, berriz, Galbahea. Ez gara dena ahazteko nahikoa biziko errezitaldia eskainiko du Gotzon Barandiaran idazleak. Haren hirugarren poema liburua da Galbahea, Susa argitaletxearen bidez plazaratu duena. Poema batzuk musikatu dituzte, eta horiek eskainiko ditu Barandiaranen hainbat musikariren laguntzarekin: Lander Bilbao, Mariana Blanco, Rafa Rueda, Urdin Baraiazarra eta Uxue Garcia.
Saio bakoitza doakoa izango da, eta gonbidapenak egunean bertan eskuratu ahalko dira 11:30etik aurrera, Viktoria Eugeniako eta Antzoki Zaharreko leihatiletan.