Hiru puntuek balio dute
Realak denboraldiko lehen garaipena eskuratu du Espanyoli irabazita (0-1). Take Kubo japoniarrak egin du gola.
Sentsazioak ez dira onak, baina puntuak batzea garrantzitsua da. Noski, hirunaka bada, hobe. Realak ez zuen partida ona jokatu larunbatean, Espanyolen zelaian. Liga hasi berritan, txuri-urdinak erritmoa hartu ezinda dabiltza. Ordea, gola egin eta irabaztea lortu zuten, eta hori da garrantzitsuena. Take Kubo izan zen aurkariaren ate aurrean asmatu zuen bakarra. Gol ederra egin zuen japoniarrak.
Aurki egingo du etena ligak, baina orain atsedenik ez da. Etzi, asteazkena, Alavesen kontra jokatuko dute Anoetan (21:30). Beste hiru puntu batzeko aukera dute txuri-urdinek. Horretarako, ordea, Imanol Alguacil entrenatzaileak aldaketak egin beharko ditu. Izan ere, Jon Pacheco eta Aritz Elustondo atzelariak min hartuta daude. Beraz, atzeko lerroa osatu beharko du Oriokoak.
Fitxaketak
Hilaren 30ean bukatuko da udako merkatuaren epea. Realak ez du baieztatu jokalaririk fitxatuko ote duen, baina hainbat hedabidek aurreratu dutenez, bat edo bi etor daitezke epea amaitu baino lehen. Mats Hummels atzelari alemaniarra da horietako bat, Robin Le Normanden hutsunea beteko lukeena. Beste jokalaria, berriz, aurrelari bat izan daiteke, beti ere, Carlos Fernandezek edo Umar Sadiqek Reala uzten badute.