Miramarreko proiektua Toki Ondarearen Aholku Batzordeak ebaluatu dezala eskatu du Ancorak
Udalak egin nahi dituen lanak abiatu aurretik, adituz osatutako batzordeak monumentuaren ondarearen balioa erabat errespetatuko dutela bermatu dezatela nahi du elkarteak.
Ancora elkarteak eskaera formala egin dio Eneko Goia alkateari eta Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziari, Miramar Jauregia birgaitzeko proiektua Tokiko Ondarearen Aholku Batzordeak ebaluatu dezan.
Donostiako memoria arkitektonikoaren aldeko elkarteren arabera, udalak biharko gobernu batzordean 6,5 milioi euroko aurrekontua duten obrak baimentzeko asmoa du, “eraikinaren irisgarritasuna, efizientzia energetikoa eta erosotasuna hobetzeko”. Hala, elkarteak jakinarazi duenez, eraikina lehiakorrago izatea bilatzen du udalak, esparru horretan bertan egiten diren ekitaldien zenbatekoa handitzeko.
Elkartearen arabera, eraikinaren erabilera “jauregiaren ezaugarrietara egokitu behar da”, eta ez alderantziz”; eta Euskal Kultura Ondareari buruzko Legeak ezartzen duen moduan,”gutxieneko esku-hartzea” izan beharko luke. Hala, eraikinaren berezitasuna eta garrantzi historikoa kontuan hartuta, kontseilua biltzea eta txosten zehatza egitea eskatu dute edozein lan abiatu aurretik, proiektuak monumentuaren ondarearen erabat errespetatuko duela bermatzeko. Ancorak azaldu duenez, aholku batzorde horretan, ondare historiko gisa katalogatutako elementuak birgaitzeko lanetan esku hartzeko irizpideei buruz aholkatzen dute adituek.
1983ko eraikina
Miramarreko Errege Landa Etxea, Ralph Selden Wornum arkitekto ingelesak Maria Cristina erreginarentzat proiektatua, udal ondarearen elementu nabarmenetako bat da. Donostiako Udalak Miramar jauregia erosi egin zuen 1973an, eta, Euskadiko Monumentu izendatu zuten 1984an; geroztik, legezko babes handiena du. Udalak bere jabetzan duenetik, Euskal Herriko Unibertsitatearen Uda Ikastaroen egoitza bilakatu du eremua, eta Musika Hamabostaldiko kontzertuen oholtza ere izan da. Jauregian bertan egiten dira, halaber, hamaika ekitaldi publiko zein pribatu.