Donostiako ordezkaritza prest dago Parisko Paralinpiar Jokoetarako
Bihar hasi eta irailaren 8ra arte egingo dituzte Parisen XVII. Udako Paralinpiar Jokoak. Lau dira parte hartuko duten donostiarrak: Iñigo Llopis igerilaria, Nahia Zudaire igerilaria, Fernando Mitxelena tiratzailea eta Ander Cepas mahai teniseko jokalaria.
Llopisen eta Zudaireren bigarren esperientzia izango da, Tokioko Paralinpiar Jokoetan parte hartu zutelako. Gainera, Llopisek zilarrezko domina irabazi zuen 100 metroko bizkar estiloan. Aldiz, Pariskoa Mitxelenaren eta Cepasen estreinaldia izango da. Lauek dituzte aukerak dominak eskuratzeko.
Egutegiari dagokionez, Cepas izango da parte hartzen lehena. Hilaren 29an izango da, eta mahai teniseko final hamaseirenak jokatuko ditu binaka. Mitxelenak, berriz, hilaren 30an izango du sailkatze fasea eta finala. Igeriketari dagokionez, Llopis hilaren 31n ariko da 100 metroko bizkar estiloan. Aldiz, Zudaireren txanda irailaren 1ean iritsiko da, 200 metroko estiloetan.
IRUTXULOKO HITZAk Mitxelena elkarrizketatu du eta ostiraleko astekarian irakurri ahal izango da.