Etxeko lehenengo garaipenaren bila
Derbi eguna da gaurkoa Anoetan, Reala Alavesen aurka neurtuko baita, 21:30ean; Javier Tebasen Ligak berriz ere erakutsi du ez duela pentsatzen zaleengan, asteazken gau batean partida bat jarrita. Ligako hirugarren jardunaldiko partida izango da, eta etxeko lehenengo garaipena bilatuko dute txuri-urdinek, lehenengo jardunaldian Rayo Vallecanoren aurka porrot mingarria jaso ostean.
Oraindik eraikuntzan dagoen talde bat da Reala, edo, behintzat, hori erakutsi du txapelketako lehenengo bi partidetan, bajak, zurrumurruak eta inkorporazioak direla medio. Taldea ez da gai izan oraindik bere joko onena aurkitzeko, baina lehenengo garaipena erdietsi zuen larunbatean Espanyolen etxean; bada aurrerapauso bat.
Bide horretatik jarraitzea dagokio orain Imanol Alguacilen taldeari. Horretarako, aurreikusi daiteke Remiro egongo dela atean; Traore, Pacheco, Zubeldia eta Javi Lopez zelairatuko dituela Alguacilek defentsan —nahiz eta Jon Martin promesa eta Aramburu ere sartu daitezkeen hamaikakoan—; Zubimendi, Brais eta Turrientes erdian —Sucic ere sartu daiteke Orioko entrenatzailearen planetan— eta Oiartzabal, Becker edo Sergio Gomez eta Kubo aurrean.
Alavesi dagokionez, arabarrek ere ez dute liga batere ondo hasi, Vigon galdu eta etxean Betisen aurka berdindu ostean. Hala ere, derbiak beti dira derbi, eta edozer gauza gertatu daiteke.