Hilabete barru hasiko dituzte Bera Berako mugikortasuna hobetzeko lanak
Donostiako Udalak Construcciones Zubieder enpresari adjudikatu dio Bera Bera urbanizatzeko bigarren faseko obren kontratua. Hain zuzen ere, 2021ean egin zen lehendabiziko fasea. Lanek 1,4 milioi euroko aurrekontua dute, eta zazpi hilabetekoa da horiek bukatzeko epea. Obra hilabeteko epean hastea aurreikusten du udalak.
Egingo dituzten lanei dagokienez, kanpoko eraztunaren espaloiak berritu eta handitu egingo dituzte hainbat eremutan. Era berean, galtzadaren zabalera murriztuko dute auzokideen joan etorrientzako eremu lasaiago bat lortzeko. Bestalde, orduko 30 kilometroko abiadura muga ezarriko dute.
Lanen lehen fasean, berriz, zuhaixken pasealekuko bizikleten eta oinezkoen irisgarritasun eta komunikazio arazoak konpondu zituzten, eta oraingoan ere ibilerrazagoa bilakatuko duten pasealekua. Nolanahi ere, auzoaren erdialdean aparkatzeko eta egoteko eremua aldatzeko proiektua gauzatzeke dute oraindik.