Zierbenak egin du denborarik onena eta Kaikuk eman du ezustekoa
Gizonezkoen sailkatze estropada jokatuta, datozen bi igandeetan Donostiarrarekin batera Kontxako Banderaren bila joango diren zazpi traineruak erabakita daude.
Abian da 2024ko Kontxako Bandera. Gizonezkoen sailkatze estropada jokatu da asteazken arratsaldean Donostiako uretan (emakumezkoena, bihar), datozen bi igandeetan Donostiarrarekin batera lehiatuko diren zazpi traineruak zeintzuk izango diren argitzeko —gogoratu behar da Donostiarrak ziurtatuta duela plaza Kontxako Banderan—. 23 traineruk hartu dute parte, eta Eusko Label Ligako jaun eta jabe Urdaibai izan bada ere, Zierbena izan da azkarrena gaurkoan, 19:44.10 minutuko denboran egin baititu hiru miliak. Gainontzeko sei sailkatuak Urdaibai, Orio, Cabo, Getaria, Hondarribia eta Kaiku izan dira, ordena horretan.
Urdaibai izan da bigarren, Zierbenatik hamar hamarretara, eta tarte handiagoarekin helmugaratu dira gainontzeko bost traineruak: hamar segundo pasatxora Orio, hogei bat segundora Cabo, 24 segundo ingurura Getaria eta Hondarribia eta minutu erdira Kaiku. Sailkatzeko atarian gelditu dira, aldiz, Ares, Lekittarra eta Ondarroa.
Jarraian, sailkapen osoa:
1. Zierbena 19:44.10
2. Urdaibai 19:44.20 (+0.10)
3. Orio 19:54.30 (+10.20)
4. Cabo 20:04.20 (+20.10)
5. Getaria 20:08.28 (+24.18)
6. Hondarribia 20:08.64 (+24.54)
7. Kaiku 20:15.80 (+31.70)
8. Ares 20:16.88 (+32.78)
9. Lekittarra 20:19.54 (+35.44)
10. Ondarroa 20:20.48 (+36.38)
11. San Juan 20:23.80 (+39.70)
12. Arkote 20:30.64 (+46.54)
13. Tiran 20:40.62 (+56.52)
14. San Pedro 20:40.66 (56.56)
15. Lapurdi 20:43.64 (+59.54)
16. Chapela 20:46.44 (+1:02.34)
17. Santurtzi 20:48.74 (+1:04.64)
18. Zumaia 20:51.82 (+1:07.72)
19. Zarautz 20:53.62 (+1:09.52)
20. Castropol 20:54.54 (+1:10.44)
21. Bueu 20:58.38 (+1:14.28)
22. Astillero 21:12.70 (+1:28.60)
23. Deustu 21:25.84 (+1:41.74)
Iaz ere Zierbenak egin zuen denborarik onena gizonezkoen sailkatze estropadan, baina Kontxako Bandera Urdaibaik irabazi zuen. Aurten ere, bermeotarrak dira faborito nagusiak, eta litekeena da gaurkoan indarrak gorde izana, sailkapena ia ziurtatuta zutenaren jakitun. Bestalde, Kaiku sailkatu izana izan da arratsaldeko ezusteko handiena, ligan hamargarren postuan gelditu baitira; normalean, Eusko Label Ligako lehenengo zortziak izaten dira Kontxan plaza eskuratzeko hautagai nagusiak.
Hala ere, iaz gertatu zen moduan, Cabo zazpi onenen artean sartu da, eta Kaiku ere sartu denez, kanpoan gelditu dira Lekittarra (ligako zazpigarrena) eta Ondarroa (ligako zortzigarrena). Gipuzkoarrei dagokienez, Orio izan da onena gaurkoan. Zaila badute ere, banderarengatik lehiatuko dira oriotarrak datozen bi igandeetan, baina Donostiarra da, printzipioz, gizonezkoen traineru gipuzkoar onena, Orioren aurretik gelditu baita ligan (hirugarren postuan). Kartak mahai gainean daude, eta dena erabakitzeke.