Irailaren 2tik aurrera eman ahalko da izena Donostia Kulturaren ikastaroetan
Irailaren 2tik aurrera eman ahal izango da izena Donostia Kulturak 2024-2025 ikasturterako prestatu dituen ikastaroetan. Kultur etxeetan eta Liburutegi Nagusian 562 ikastaro eskainiko dituzte orotara, eta eskaintzaren ia erdia euskaraz izango da. Arduradunek azaldu dutenez, herritarrak kultura eta askotariko arte diziplinetara hurbiltzeko apustu irmoa du udalaren kultura sailak, eta aurreko urteetako parte hartze datu onak ikusita, eskaintza ugaritzeko pausoak ematen dabil.
Urteroko moduan, musika, dantza, eta kultur arloko jarduera ohikoenak eskaintzeaz gain, izango dituzte tailer bereziak aurtengo eskaintzan ere: bizikletak konpontzeko ikastaroa, antsietatea kudeatzeko ikastaroa, irrati ikastaroa, lapiko sukaldaritza lantzeko ikastaroa, baratze ekologikoaren tailerra, ardo dastaketa ikastaroa eta globoflexia tailerrak eskainik dituzte, besteak beste. Hemen ikus ditzakezue ikastaro guztiak.
Matrikulazioari dagokionez, bi fasetan egingo da: euskarazko ikastaroen matrikulazioa, irailaren 2an irekiko dute, 10:00etan, eta irailaren 12ra arte egin ahal izango da; gaztelaniazko ikastaroei dagokionez, berriz, irailaren 16tik (16:00) 29ra bitarte eman ahal izango da izena.
Belarriprest eredua
Aurten ere, euskarazko zenbait ikastarotan Belarriprest eredua errepikatuko da. Ikastaro horietan, maila baxua izan arren, ikasleak euskaraz mintzatzera gonbidatzen dira, betiere elkarlaneko giroan. Ikasleek eta irakasleek konpromisoa hartuko dute euskaraz hitz egiteko eta elkarri laguntzeko.
Kultur etxeetako matrikulazio ordutegiak hemen kontsultatu ditzakezue.