Robert Navarro Mallorcara bidali du Realak
Reala utzi duten jokalarien zerrenda luzatzen ari da. Robert Navarro gazteak talde txuri-urdina utzi eta Mallorcan jokatuko du denboraldi honetan. Realak 850.000 euro jaso ditu agurraren truke, eta kataluniarraren fitxa aurreztuko du. Taldearekin entrenatzen ari bazen ere, klubak dortsalik gabe utzi zuen haren etorkizuna Donostiatik kanpo zegoelako.
17 urterekin iritsi zen Zubietara Monaco taldea utzita, 2019-2020 denboraldian. Bigarren taldearekin hasi zen jokatzen, eta hurrengo sasoian, 2020-2021ean egin zuen debuta lehen taldearekin. Ordea, minutu gutxi jokatu ditu Imanol Alguacilen aginduetara, eta, horregatik, Cadizen utzita jokatu zuen pasa den denboraldia. Guztira, 20 gol egin ditu Realaren lehen eta bigarren taldearekin.
Mallorcarekin urtebeterako sinatu du, eta hedabide batzuek aurreratu dutenez, hurrengo sasoian Athleticen arituko da. Andoni Gorosabel arrasatearraren antzeko kasua izango dela diote. Gogora dezagun, Gorosabel Alavesera joan zela urtebeterako, eta udan libre geratu ostean, Athleticekin bat egin du.
Joan-etorriak
Udako merkatua ixteko ordu gutxi batzuk falta direnean, Realak hiru jokalari fitxatu ditu eta lauk utzi dute kluba. Navarrorekin batera, beste hiru jokalari joan dira: Robin Le Normand (Atletico Madril), Mikel Merino (Arsenal) eta Martin Merquelanz (Eibar). Aldiz, etorri direnak, momentuz, hiru dira: Sergio Gomez (Manchester City), Javi Lopez (Alaves) eta Luka Sucic (Salzburgo).