Abuztuaren 31, hiria erre eta saldu zuten eguna
1813ko abuztuaren 31ko suteak hiriaren suntsiketa eta arpilaketa ekarri zuen, eta herritarrak bortxatu, jipoitu eta erailtzea. Tropa ingelesek eta portugesek ez zuten inoiz egindakoa ordaindu, ez eta tropa espainiarrek ere. Gertakari lazgarri hark, ordea, izan zuen ondorio gehiago hirian: etorkizuneko hiri eredu burgesaren zimenduak jarri zituen, Donostiako kapitalismoa konfiguratuz.
Abuztuaren 31, donostiar guztion buruan dagoen data. «Kale honek ezik, beste guztiek hartu zuten su», kontatzen diegu bisitariei. «Nork eman zien su? Eta zergatik?». Tira, galdera horien erantzunak ez dira horren ezagunak, gehiengoarentzat behintzat. Eta ez da izango lanik egin ez delako. Donostia Sutan elkarteak urteak daramatza ikerketa eta pedagogia lana egiten, bertsio ofizial eta azalekoa osatzen, eta batzuetan, gezurtatzen ere bai.
Zergatik, bada, horrenbeste saltsa? Zer gertatu zen 1813ko abuztuaren 31 hartan?
Donostia XIX. mendean
1813aren aurreko akta eta udal artxibo gehienak erre edo galdu zirenez, ez dugu zehaztasun handirik Donostia lehendik nolakoa zen jakiteko. Edonola ere, XIX. mendearen hasieran, Donostiak 9.104 biztanle zituen. Harresiaren barruan 5.488 lagun bizi ziren, eta harresiaren kanpoan, 3.616, San Martin auzoan gehienak. Garai hartako udalaren aurrekontua 295.890 errealekoa zen, eta horietatik laurden bat udal plantillaren soldatak ordaintzeko erabiltzen zen: lau aguazil, erlojugile bat, pregoilari bat, bi kanpai jole (bat parrokia bakoitzeko), juglare musikari bat, Santa Mariako kapera maisu eta organista bat, San Bizenteko organo jotzaile bat, harategiko kontrapisu arduradun bat, hiriko laguntzaile bat, ogi pisatzaile bat, kartzelako alkate bat, konjuruen aita kapilau bat, tronpa musikari bat, bigarren baxu jotzaile bat, Pasaiako portuko bi kanal zaintzaile, Pasaiako portuko kapitain bat, behartsuen eta eskaleen zaindari bat, diruzain bat, bi mediku, zirujau bat, latineko irakasle bat, ur gezaren iturri bakarraren zaintzaile bat eta lehen letrako bi maisu.
Portua zuen bizibide hiriak. Herritarrak arrantza eta inguruko lanak, eta jauntxoak merkataritza, batez ere. 1705. urtean, Donostiako merkatariek eskatu zuten Amerikarekin zuten merkataritzaren zergak Donostian ordaintzea, eta ez Cadizen. XIX. mende osoan zehar, hiriko burgesiaren gatazka handienetako bat zen, hain zuzen, portuaren muga zergak non ordaindu behar ziren, Ameriketako komertzioarekin merkatu librea egiteko helburuz. Ez ziren beti garbiak bertan egiten ziren negozioak. 1929an, adibidez, Santanderreko Udalak Espainiako erregeari eskatu zion Donostiako kaia kontrolatu zezan: «Probintzia horietako merkatariek, gutxi batzuen salbuespenarekin, kontrabandoaren bidez lantzen dute beren aberastasuna».
Iñaki Egaña historialariak Donostia 1813 liburuan jasotzen duenez, etxebizitzak oso estuak ziren, eta bizilagunak, oro har, «pilatuta» bizi ziren: «Egoera nabarmen osasungaitza izateaz gain, izurriteak eta suteak eguneroko bizitzari oso lotuta zeuden».
Espainiaren eta Frantziaren erdian, Donostia
Bizi baldintza horietan, Donostiak aberastasuna mugitzen zuen, baina ez zuen garapenerako aukera gehiegi, hiria plaza militarra zelako. Hain zuzen, 1813ko suntsiketak 1808an izan zuen jatorria, Frantziako armadak Donostia okupatu, eta fuerte militar gisa erabili zuelako. Jakina denez, garai hartan, Napoleon Bonapartek Espainiako koroarekin paktu bat sinatu zuen, Iberiar penintsula zeharkatu eta Portugali eraso egiteko. Frantsesek Espainia engainatu, eta lurraldea okupatzeko baliatu zuten. Beste hiri batzuetan azaletik pasa baziren ere, Donostia militarki okupatua izan zen. Lehenago, hala ere, 1794ko abuztuan, Mitxelena alkateak hiriko giltzak eman zizkien tropa frantsesei, hauen kontra egiteko ezer gutxi zuela ikusita. Gipuzkoa Frantziara anexionatzeko aukerez hitz egiten zen garai hartan, eta badaezpada, gillotina bat jarri zuten Plaza Berrian, arazoak saihesteko.
1813an, Espainiako Independentzia Gerra azken fasean sartuta zegoen, eta frantziar armada erretiratzen ari zen. Ekainaren amaieran hasi ziren Donostiaren lehen setioak, eta frantsesek eta donostiar aberatsek lehen ebakuazioak egin zituzten: 5.500 donostiarren artetik, erdiek egin zuten ihes, eta 3.200 frantses geratu ziren hiria defendatzen, Emmanuel Rey jeneralaren aginduetara. Wellington jeneral ingelesa Gasteiz garaitu berritik zetorren, Espainiako gerra behin betiko amaitzeko prest.
Esan eta egin, Donostiako murruen kontra bi hilabetez borrokatu ostean lortu zuten, odol eta sufrimendu handiaren ondoren, Donostiako ateetako bat apurtzea bretxa bat eginez —egun merkatua dagoen tokian, hain zuzen—. Tropa frantsesak gaztelura erretiratu ziren, eta borrokek hamar bat egunez iraun zuten oraindik. Abuztuaren 31ko gau hartan, ordea, Wellington eta Castaños jeneralek aginduta —historialariak bat ez datozen arren, garaiko lekuko ugarik ziurtatzen zuten Castaños espainiarrak hiria erretzeko eta donostiarrak «labanaz pasatzeko» agindua emana zuela—, soldadu ingelesek eta portugesek hiriko etxe guztietan lapurretak egin zituzten, emakumeak bortxatu eta aurre egiten zietenak kolpatu eta erail zituzten. Suteek astebete baino gehiago iraun zuten.
«Jenero guziko txarkeryak»
Joakin Lizasoain alkateak ondo baino hobeto deskribatu zuen sarraskia gertatu eta 80 urtera. Egañak honela jaso zituen hitzok: «Agostuaren ogeitamaikagarren egunian sartu ziran gure erriyan soldadu ingeles eta portugesak; tropa ayek ziran ustez gure adiskidiak eta donostiarrak errezibitu zituzten pozez txoraturik. Laster biurtu biar zan poz ura penetan eta malkoetan. Egun artan bertan asi ziran soldadu ayek mozkortuta edo erotuta dendak eta etxiak ostuz, gizonak insultatzen, emakumiak desonratzen eta jenero guziko txarkeriyak egiten. Iñor atrebitu ezkero bere azienda edo bere onra defenditzen, biya galduba zuben. Modu onetan etorri zan gau triste ura, eta inpernuko soldadu ayek bere azaña konpletatzeko su eman ziyoten erriyari. Oso erre ziran seireun etxe eta eziñ esan liteke zenbat kristauk galdu zuten biziya».
Zaila da zenbatzen zenbat izan ziren eraildakoak eta zenbat bortxatutako emakumeak. Hildakoei dagokionean, militarren zifretan adostasun nahikotxo dagoela dirudi: aliatuak 5.300 (1.200 hildako, 3.800 zauritu eta 300 desagertu) eta frantziarrak 3.100 (1.900 hildako eta zauritu, eta 1.200 preso). Historialariek diotenez, zaurituen %75 hil egin zen hurrengo asteetan.
Jose Maria Leclercq historialariaren arabera, militarren atzean zer zegoen begiratzea komeni da. Bere ustez «jende xehea» zen, normalean: «Donostia babestu zutenak nekazariak, igeltseroak eta artzainak ziren. Soldadu horietako bakoitza drama bat da bere horretan. Haiek ere badira biktimak. Euren familiek ez zuten jakin hil egin zirela bi urte pasatu ziren arte. Ingelesak ere, antzeko. Kaleko mozkorrak ziren gehienak».
Herritarren datuen inguruan, setioan bertan hil zirenen kopurua ez da horren altua: 40 inguru zenbatu zituzten lekukoek, gehiago izan zitezkeen arren. Arazoa hurrengo egunetan etorri zen. Honela dio Leclercqek: «Higieneari dagokionez, oso zikinak ziren gerra hauek. Donostiako kaleetan hilabetez baino gehiagoz egon ziren hilotzak lurperatu gabe. Pertsonenak eta animalienak —4.000 idi baino gehiago zeuden hirian—». Irudi gogor bat dakar: «Hondartzan gorpuzki mendi bat egin zuten, su emateko. Baina soldaduek ez zituzten aintzat hartu mareak. Eta itsasgorarekin batera, gorpuzkiak badia osoan barreiatu ziren: buruak, besoak, hankak, odola… izugarria izan zen. Epidemia etorri zen, beraz. Eta hor 1.500 donostiar hil zirela kalkulatzen da. Hiri barrutian eta baita inguruko baserrietan ere».
Emakumeak gerra trofeo gisa erabiltzen dira gerra guztietan, eta Donostia ez zen gutxiagorako izan, tamalez. Bortxaketen testigantzak izugarriak dira, hona hemen, tristeki ezaguna egin den bat: «Gaiztoena sarjentua izan zen. 22 emakume bortxatu zituzten, baita 11 urteko neskato bat eta 60 urte baino gehiagoko amona bat ere».
Zergatik erre zuten hiria?
Ez dago horren argi zergatik izan ziren horren krudel eta gupidagabeak hiriaren salbatzaileak zirenak. Gerraren amaiera zen, soldaduak nekatuta zeuden, hilabeteak zeramatzaten soldata kobratu gabe, eta itxuraz, eragina izan zuen horrek. Agindua eman zutela gauza argia da, arpilaketa eta suteak gauza kontrolatuak izan baitziren —Abuztuaren 31 kalea nahita ez zuten erre, haientzat etxeak mantentzeko—.
Teoria baten arabera, Donostiak erakutsitako «frantseszaletasuna» zigortu nahi zuten. Ez dago argi hori egia den edo ez. Leclercqek dio hori ezin zela nagusitu, baina baietz, badirela horren zantzuak. Bestalde, berak topatutako datuetan, bada beste bat, harrigarria dena. Ingelesek Donostia begiz jota zutela, «Donostia, La Rochellerekin (Frantzia) batera, kortsario portu garrantzitsuenetako bat» zelako; «hemen saltzen ziren itsasoan lapurtutako merkantziak».
Eta hor hasten da historiaren nahaste-borrastea. Urteak igaro zituzten, batez ere, espainiarzaleek esaten ezetz, frantsesak izan zirela, donostiar batzuen laguntzaz, hiriari su eman ziotenak. Ez ingelesek, ez portugesek, ez espainiarrek, ez zuten inoiz egindakoagatik barkamenik eskatu, ez eta egindakoagatik ordaindu ere. Wellington eta Castaños jeneralaren ospea historian zehar garbi mantendu da. Gerra guztietan bezala, hemen ere desinformazioa arma bat da, eta bi bertsioen artean aukeratzea «ez dela horren sinplea» diote. Gernikan, berdin-berdin gertatuz zen, eta oraintxe bertan ere, Gazan.
Zubietako mitoa
Han eta hemen jasotzen da irailaren 8an, Zubietako Aizpurua baserrian, hiria oraindik sutan zela, bildu zirela hiriko «jende prestua» hiria berreraikitzeko. Bertan ziren bi alkateak eta bi errejidoreak, hiru elizgizon eta hemeretzi bizilagun. Jose Joaquin Arizmendik hala deskribatu zuen ekitaldia: «[…] isiltasun luze goibel baten ostean, zotin eta malkoek etenean, bertan zeuden jaunek, hits, zurbil eta minak zulatuta eta zarpailduak gehienak, egoera txar horretan egin beharrekoaz aritu ziren […]». Kalteak zenbat izan ziren neurtu eta «hiria ahal bezain laster» berreraikitzeko gogoa agertu zuten.
Egia da bilera horietan erabaki zela hiria berreraikitzea. Baina hiriko agintariek ez zuten kontatzen den bezainbeste presa erakutsi. Irailaren 8an, bileran zeudelarik, gaztelua errenditu zela jakin zuten, eta Wellingtoni zorion gutun bat idaztea erabaki zuten. «[…]Zorigaitzen anabasa honen erdian, ez da inolako epelkeria zantzurik antzeman 1808tik zorigaiztoko hiri honek erakutsi duen abertzaletasun etengabean, eta sakrifizio berriak posible eta beharrezko balira, ez litzateke zalantzarik izango haietara etsitzeko… Azkenik, operazio militarren konbinazioak edo Espainiako lurraldearen segurtasunak gure hiria berreraiki eta berrezartzeko itxaropenari aldi baterako edo betiko uko egitea eskatuko balu, gure adostasuna aho batekoa izango litzateke, batez ere, bidezkoa den bezala, gure galerak penintsulako eta itsasoz haraindiko gure herrikide guztien artean hain banaturik izango balira[…]». Prest ziren berreraikuntzari uko egiteko, diru konpentsazio jator baten truk. Abertzaletasun sentimendua goraipatzen da, baina aberatsen aberria, beti dirua.
Wellingtonen eta diputazioaren ezezkoen aurrean, orduan bai, agintariek hiria berreraikitzeko adostasuna izan zuten. Izan ziren presa sartu zutenak, baina izan ziren ere denborak haien alde jokatzen zuela ulertu zutenak.
Jar gaitezen testuinguruan: 1.500 familiak egin zuten ihes hiribildutik, eta inguruko lurretan hartu zuten aterpe. Batzuek, senideen etxeetan, eta besteek, hala moduz inprobisaturiko txabola eta etxoletan. Donostiako herriak favelak inprobisatu zituen Kontxako eta Zurriolako hondartza bazterretan. Lur horiek, noski, ez ziren debalde, eta hainbat izan ziren alokairu horretaz aprobetxatu ziren burgesak.
Zubietan elkartu ziren
jauntxoak prest ziren
hiriaren berreraikuntzari uko
egiteko, diru konpentsazio jator baten truk
Pobrezia arazo larria zela eta, berau gobernatzeko arau berriak atera eta atera ibili ziren agintariak: 1814ko ekainaren 5ean, inguruetako etxejabeek Jose Bermingham Miserikordia Etxearen batzordeko presidenteari idatzi zioten, txiroak haien etxeetan zeudela eta «berehala ateratzeko»; ekainaren 7an, Berminghamek udalari jakinarazi zion egoera, eta San Martineko ospitale zaharra hiru hilabetetan eraikitzeko agindu zuten; uztailaren 30ean, arauak eman zituzten harresi inguruan legez kanpoko barrakak ez eraikitzea kontrolatzeko, eta zergak jarri zituzten baimena zutenentzat; urriaren 10ean, hiriko behartsu guztiei Miserikordia Etxera «berehala agertzeko» deia egin zitzaien, haien zerrenda egiteko; azaroaren 23an, udalaren bandoa: «Txiro arrotzek hiritik irten behar dute 24 ordu baino lehen». Hau betetzen ez zutenei «zigor latzak» ezartzeko agindua eman zen.
Bi urte beranduago, jabe diruzale eta herritarren arteko interes gatazkak hor zirauen, izan ere, herritarrek etxeak suntsituta zeuzkaten eta oso alokairu altuak ordaindu behar zituzten. Antonio Etxaberen kasu argigarria jaso zuen Rafael Agirre historialariak, etxebizitzaren kostuak izan zuen berealdiko igoeraz: «Urtebete lehenago, ganbara alokatzen zuen, hilean 28 erreal, eta une horretan lau partetan banatu zuen eta bakoitzagatik 40 erreal kobratzen zituen». 1817ko otsailaren 13an, Gaztelako Kontseiluak esku hartu zuen, aurretik korrejidorearen txostena jasota, adieraziz, «Donostiako hiriko etxe jabeek bizitzeko moduko hirurogei etxe egiten dituzten arte, haiek errentari jartzean hitzartutako tasa ordaindu behar dutela, eta kopuru hori berreraiki dela egiaztatzen denean, askatasun osoa izango dutela maizterrekin adostutako prezioan alokatzeko». 1818ko urriaren 10ean, barraketako bederatzi jabe eta maizterrek udalari eskatu zioten beste luzapen bat emateko haiek uzteko. Nola edo hala eraisketa ekidin nahi zuten, irabazi handiak ematen zituen eta.
Berreraikitzea
Buelta eta buelta ibili ziren hiriaren berreraikitzearekin. Ez dago horren argi nola eraman zen aurrera berreraikuntza —HAPOrik ez zen egiten eta, garai hartan—. Lehen bi urteetan 40 etxe altxa zituztela baieztatu zen arren, horietako asko behar baino lehen erori zirela ere egia da. 1817ko ekainaren 25ean, esaterako, eraikitzen ari ziren hainbat etxe erori eta hondarren artean zenbait lagunek bizia galdu zuten, horren inguruko xehetasunik erregistratu ez zen arren. Pedro Manuel Ugartemendia arkitektoari eskatu zioten Donostia berria diseinatzeko. Hark, Europatik zetozen korronteak jarraitu nahi, eta egitura berri bat proposatu zuen bizilagunen bizi kalitatea eta osasuna hobetzeko helburuarekin. Proposamena guztiz berritzailea zen: plaza oktogonal baten inguruan eraikiko zen hiria, eta bertatik zortzi kale irtengo ziren; kaian plaza angeluzuzen bat egongo zen, eta zirkuluerdi formako beste bat Santa Maria elizaren aurrean. Arazoa? Etxejabeek ez zekitela nola banatuko zituzten haien jabetzak, eta bigarren plano bat eskatu zioten, aurreko hiriaren ahalik eta antza handiena izan zezan.
Hiri eraikuntza guztietan nola, espekulazio prozesu basati baten hasiera izan zen. Rafael Agirre historialariak honela jaso zuen: «Adierazgarriak dira Donostiako merkataritzaren eta finantzen munduko pertsonaia ezagunek, hala nola, Bermingham, Collado, Lasala, Etxague edo Goikoatarrek, hiri orubeetan egindako inbertsio handiak. Beharbada kasurik adierazgarriena Pedro Queheillerena dugu. Trinitate kaleko etxe baten jabea zen 1815ean, eta handik hamar urtera bi etxe eta bi orube zeuzkan, inguruan sakabanatutako hamahiru baserriz gain». Queheilleren ondorengoek dirutza egin zuten, eta 1863an, Donostiako lehen banketxea izan zen Banco de San Sebastianen sorreran akziodun garrantzitsuak izan ziren.
Josu Tellabide etnologoak erabat lotzen du berreraikitze prozesua espekulazioarekin: «Donostiako eliteek eta haien arteko oligarkek negoziorako bideak eta aukerak ikusi zituzten eta, horrela, herritarren bizkar bizitzeko negozioak eginez burutu zuten beren jarduera».
Lehendik zetorren eta gerora garatuko zen hiriko burgesiaren ikuspegi liberalarekin lotzen du honakoa ere. 1820ean, Sociedad Patriotica de San Sebastian sortu zuten hainbat jauntxok. Jose Manuel Collado Parada izan zen sortzailea, Esterlines kaleko 12. zenbakian eta bertako kide izan ziren: Rafael Etxague Bermingham jenerala, Fermin Lasala, Eustasio Amilibia, Joaquin Calbeton, Brunet anaiak, Claudio Anton de Luzuriaga, Joaquin Maria Ferre eta Jose Elias Legarda, besteak beste. Azken hau Zubietako bilera famatuan izan zen. Gainontzekoak ezagunak dira hiriaren kale izendegian, batez ere.
La Balandra izenez ezagutzen zen taldearen papera liberalismoa defentsa egitea zen, Foruen kontra eta espainiarzaletasuna sustatuz. Jose Mujika historialariak jaso zuenez, badirudi La Balandra presio eta erabaki talde boteretsu bilakatu zela, eta Donostiako Udala haien aginduak betetzera mugatua zegoela.
1.500 familiek ihes egin zuten hiritik. Batzuek,
senideen etxeetan hartu zuten aterpe, besteek
inprobisatutako txaboletan
Hiri eredu kapitalistaren sorrera
Guden mendeak izan ziren XIX.a eta XX.a. Oraindik erabat osatu gabeko hiria karlistaldiek hartu zuten. Hiriko burgesia erabat lerratu zen liberalismoarekin, eta Isabel II.aren aldeko borrokaldiarekin. Donostiako Askatasunaren Boluntarioak izeneko miliziak sortu ziren, eta bertako kide ezagun bat izan zen, esaterako, Bilintx bertsolaria. Guda horien nondik norakoak aztertuko ez ditugun arren, karlistaldiek bi ondorio argi izan zituzten: bata, foruen galerarekin merkatariek aspalditik eskatzen zuten portuko merkatu librea lortu zutela; eta bigarrena, Isabel II.ak, 1845ean, oporretarako hiri gisa aukeratu zuela Donostia.
Hortik aurrera, historia ezagunagoa da. 1862an, behin betiko bota zituzten harresiak, eta hiriaren gotorleku funtzioa, eta XIX. mendearen bigarren erdian, turismora bideratu ziren hiriaren erdiguneko gune nagusiak, kanpoko auzoak industriagune eta langile auzo bilakatuz. Donostiako eredu kapitalistaren sorrera sutearen ostean hasi zen kozinatzen.
Airean geratzen dira galdera batzuk: Zubietan hiriaren berreraikitzea diseinatu zutenen eta aberastu ziren jauntxoen harreman zuzena zein izan zen? Zein izan zen hauen eta La Balandrakoen arteko harremana? Zenbat donostiarrek galdu zuten etxea, eta ez ziren sekula itzuli? 1813-1862 zikloak hiriaren liberalismo ekonomikoarekin eta turistifikazioarekin izan zuen harremana zein izan zen? Hau da, nor aberastu zen? Eta noren bizkar?
Memoria lantzen
Ez da guztiz harritzekoa galdera horiek guztiak airean geratzea. Donostiarron memorian iltzatuta dagoen gertakaria gogoratzeko ekitaldiak horren lekuko. Argiak itzali eta kandelak pizten dira abuztuaren 31ko gauean, Abuztuaren 31 kalean, bertan gelditzen diren bizilagun (gutxien), eta batez ere, turisten gozagarri. Horrez gain, bada urtero egiten den «birsorkuntza historiko» famatua. Donostia Sutan elkarteak hamaika aldiz salatu du «antzerkia».
Urgull Historico elkartea da arduraduna eta arratsalde osoa ematen dute dozenaka gizonek eta emakume gutxi batzuek arma faltsuekin benetako tiroak botatzen —jaurtigairik gabe, baina benetako leherketekin—. Hollywoodeko filmetan bezala, militarren balentria eta sufrimenduak ekartzen dira gogora, baina ez da azaltzen zergatik gertatu zen, zertarako, zer ondorio izan zituen… ez da azaltzen ezer. Espektakulu bihurtzen da gerra eta espektakulu memoria. Heroi gisa tratatzen dituzte gure hiria suntsitu eta herritarrak bortxatu eta hil zituzten horiek.