Carlos Fernandezek Cadizen jokatuko du, utzita
Aurrelarien afera argitu gabe, Realak joan-etorriekin jarraitzen du. Egia esan, gehiago dira talde txuri-urdina utzi duten jokalariak. Azkena, Carlos Fernandez aurrelari andaluziarra da.
Klubak baieztatu duenez, bigarren mailako Cadiz taldean jokatuko du utzita, denboraldi honetan. Dena dela, haren fitxaren zati handiena Realak ordainduko du. Lesioek eta entrenatzailearen konfiantza faltak bultzatuta, bere bertsiorik onena berreskuratzen saiatuko da.
Gaur, 23.59ean bukatuko da udako merkatua, eta badirudi jokalari bat edo bi fitxatuko dituela Realak; aurrelari bat eta erdiko atzelari bat. Izen asko eman dituzte hainbat hedabidek, baina azken unera arte ez da jakingo baten bat etorriko den, ezta zein izango den ere.
Dadie Mirandesera
Lehen taldean ez ezik, bigarren taldean ere azken orduko mugimenduak egon dira. Alberto Dadie gazteak Mirandesen jokatuko du utzita. Duela aste batzuk, Jon Gorrotxategik ere bat egin zuen Miranda Ebroko taldearekin.