Elena Iruretarentzat izango da Zinemira saria
Aurtengo Zinemira saria Elena Irureta aktoreak jasoko du, 72. Donostiako Zinemaldiaren euskal zinemaren galan. Hilaren 24an izango da Viktoria Eugenia antzokian. Zinemira saria Zinemaldiak eta EPE-IBAIA ekoiztetxe elkarteak banatzen dute, eta euskal zinemaren pertsona, programa edo erakunde nabarmen baten ibilbidea saritzea du helburu.
Elena Irureta (Zumaia, 1955) aktore, gidoigile eta zuzendaria Antzerti Arte Dramatikoko Eskolaren lehen promozioan diplomatu zen, Donostian. Bere lehen lanak antzerkiari lotuta egon ziren, baita Arlequino servidor de dos amos, Las Troyanas eta beste antzezlanekin eta ETB-ren sorrerarekin ere, Bi eta bat eta Jaun ta Jabe telesailetan parte hartu baitzuen, besteak beste. Telebistan egin duen lanik luzeena El comisario telesaila da.
Hogeita hamar film baino gehiagotan lan egin du, hala nola zinemagile hauen lanetan. Euskarazko zinemako lan garrantzitsuenetako batzuetan ere parte hartu du, hala nola hauetan: Aupa Etxebeste!, Zorion Perfektua, Urte berri on, amona, Igelak eta Agur Etxebeste!. Aitor Gabilondok sortutako Patria telesailean Bittoriren rola egin zuen. Platino Saria, José María Forqué saria eta Feroz bat irabazi zituen Patrian egindako lanagatik.
Aktore gisa ez ezik, gidoi idazketan ere egin du lan Iruretak (horren adibide da Ama, begira ezazu antzezlana, Kontxu Odriozolarekin batera), eta Hau da A.U. eta Beni eta Marini telesailak ere sortu eta zuzendu ditu Aizpea Goenagarekin.
2009an sortu zen Zinemira sariak euskal aktore edo zinemagile baten ibilbidea saritzen du. Orain arte hauek jaso dute: Imanol Uribe (2009), Álex Angulo (2010), Elías Querejeta (2011), Michel Gaztambide (2012), Juanba Berasategi (2013), Pedro Olea (2014), Karmele Soler (2015), Ramón Barea (2016), Julia Juaniz (2017), Ramón Agirre (2018), Jose María Txepe Lara (2019), Sara Bilbatua (2020), Kimuak programa (2021), Txema Areizaga (2022) eta Paco Sagarzazu (2023). Aurten, Zinemaldiak eta EPE-IBAIA ekoiztetxe-elkarteak Elena Irureta aktoreari omenaldia egitea erabaki dute.