Euskal Herrian egindako 23 lan izango dira Zinemaldian
Guztira 23 lan izango dira Zinemaldiaren 72. edizioko euskal partaidetza osatuko dutenak, eta ia sail guztietan programatuta egongo dira: Sail Ofiziala, New Directors, Zabaltegi-Tabakalera, Perlak, Nest, Culinary Zinema, Zinemira, Made in Spain, Belodromoa, Haurrentzako zinema eta EITB Gala. Horietatik 13 izango dira euskara hutsez, edo tarteka euskaraz.
Zinemirak bederatzi proposamen bilduko ditu; horietako zortzi estreinaldiak dira eta, horrenbestez, Euskal Zinemaren Irizar Sarirako hautagaiak.
Raul de la Fuentek (Iruñea, 1974) Williamstarrak / Los Williams (The Williams) ez-fikziozkoarekin inauguratuko du saila, Athletic Clubeko jokalari diren bi anaiaren eta horien familiaren historiaren inguruko lanarekin. De la Fuentek Publikoaren Saria irabazi zuen Un día más con vida / Another Day of Life (Perlak, 2018) filmarekin, Cannesko Sail Ofizialeko emanaldi berezi batean estreinatu eta Goya saria eta Europako Zinema Akademiak animazioko film onenari emandako saria jaso zituen pelikularekin, hain zuzen ere.
Carmen Chaplin aktoreak zuzendutako Chaplin | Espíritu gitano / Chaplin | Spirit of The Tramp film luzeak emango dio amaiera sailari. Charlie Chaplinen senitartekoak familiaren ijito-herentzian murgilduko da bidaia argigarri batean. Sustrai horiek Chaplinen pertsonaia maitatu eta tristeena inspiratu zuten: arlotea.
Arantxa Aguirrek (Madril, 1965) Ciento volando zuzendu du, Jone Laspiur aktore donostiarrak Eduardo Txillida eskultorearen obrari buruz kontatzen digun ez-fikzioa.
Erreplika Pello Gutierrezen (Donostia, 1979) bigarren film luzea da, bakarka zuzendutako lehena, hausnarketa bat XIII. mendeko Zikuñagako Ama Birjinaren tailu baten desagerpenaren, zuzendariaren aita Juanmi Gutierrez zinemagilearen heriotzaren, hutsune horiek betetzeko irudiak sortzeko moduaren eta absentzien inguruan
Ernesto del Ríok (Bilbo, 1954), ZINEBI Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko jaialdiko zuzendariak 2000tik 2017ra arte, bere seigarren film luzea errealizatu du: Ezer ematen ez dizun mundu hori . Bertan, Bilbon hasi eta Habanan bananduko den bikote baten aldizkako harremana erretratatzen digu egileak.
Jone Ibarretxe de la Calek (Barakaldo, 1990) Nere Falagan Martinekin (Barakaldo, 1991) zuzendu du bere lehen lana, Ibarretxe anaien (hots, egilearen aita Josemi eta bi osabak) argi-itzalak aztertzeko. Hau ez da Hollywood (Ibarretxe anaien amaitu gabeko istorioa) / This Is Not Hollywood (The Unfinished Story of The Ibarretxe Brothers) filmak euskal ikus-entzunezkoen hiru aitzindari horiekin egon ziren aktore eta zinemagileei egindako elkarrizketak biltzen ditu hiru anaiak erretratatzeko.
Miguel Alba Ricok (Madril, 1967), Nino Fontánek (Madril, 1969) eta Itziar Bernaolak (Bilbo, 1970) euren lehen zinema-lana erakutsiko digute: Los poderes de Lolo dokumentala, Miguel Alba Ricoren ama Lolo Ricori buruzkoa; La bola de cristal telebista-saio mitikoa sortu zuen Lolo Ricok, eta aipatzekoa da haren 40. urteurrena betetzen dela aurten.
Zortzitik infinitura Naia Laka Arrizubietak (Ispaster, 1990) zuzendutako lehen obra da eta euskal zinemaren historia kontatzen digu, Lekeitioko Euskal Zine Bileraren sortzaile Benito Ansolaren ibilbidetik abiatuta eta Miren Agur Meabe idazlearekin batera.
Saila lehiaz kanpoko emanaldi batek osatuko du: Indarkeriaren oi(h)artzunak / Let It Know /, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian Publikoaren Sari Nagusia eta Nazioarteko Amnistiaren aipamen berezia lortu zituena. Amaia Merino zuzendariak (Donostia, 1970) −Asier eta biok / Asier and Me (2013, Euskal Zinemaren Irizar Sariaren irabazlea, 2016ko The Act of Killing. Zinema eta indarkeria globala atzerabegirakoan sartua) eta Non dago Mikel / Where Is Mikel? (Zinemira, 2020, aipamen berezia jaso zuena) filmeko zuzendarietako bat− eta Ander Iriarte (Oiartzun, 1986) −Echevarríatik Etxeberriara (2014) eta Karpeta urdinak / Blue Files (Zinemira, 2022) lanen egilea− dira. Tamara Muruetagoienaren egia bilaketa jorratzen du lanak: ETAk haren familia bahitu zuen, eta haren aita torturatu eta erail egin zuen Estatuak.