La Cumbre jauregiaren etorkizuna argitzeko lehen urratsa egin dute
Aieteko eraikina memoria gune bihurtzeko proposamena luzatu dio Donostiako Udalak Espainiako Gobernuari. ‘Lasa eta Zabala auzia’ gogoratzeko espazio bat sortzea jasotzen du dokumentuak. «Atzeratu den arren, berri ona» dela adierazi du EH Bilduk.
Donostiako Aste Nagusi betean, Aieteko La Cumbre jauregiaren etorkizunari buruzko informazioa aurreratu zuten hainbat hedabidek. Hain zuzen ere, Donostiako Udalak dagoeneko bidali dio eraikin hori memoria demokratikorako gune bihurtzeko prestatzen ari den proposamenaren zirriborroa Espainiako Gobernuko Memoria Demokratikorako Estatu Idazkaritzari.
Dokumentuaren oinarria udalak eta aurreko Eusko Jaurlaritzak prestatu dute. Hau da, Justizia eta Giza Eskubideen Saila EAJren eskuetatik PSE-EErenetara igaro aurretik egindakoa da. Halere, sail berriko arduradunek ere ikusi dute Memoria Demokratikorako estatu idazkariari bidalitako lehen zirriborro hori. Baita udalarekin eta Jaurlaritzarekin jauregiaren etorkizunaren inguruan aritzeko bildu diren zenbait eragilek ere.
Proposamen zirriborroak jasotzen duenez, eraikin horretan ezarri nahi duten erakusketaren ardatzetako bat izango da Lasa eta Zabala kasuari dagokiona, auzi hark duen «balio sinboliko bereziagatik» eta «espazioaren helburuak islatzeko duen potentzialtasunagatik». Joxean Lasa eta Joxi Zabala 1983ko urriaren 16an bahitu zituzten Baionan, eta La Cumbren torturatu zituzten. Azkenik, Busoten (Herrialde Katalanak) hil eta lurperatu zituzten.
«Estatuaren biktimak oroitzeko gunea»
La Cumbre Espainiako Gobernuarena da, baina Espainiako Memoria Demokratikorako Legea Kongresuan onartzeko negoziazioetan, hura Donostiako Udalaren esku uztea adostu zuten Espainiako Gobernuan zeuden alderdiek eta EH Bilduk, 2022an. Ordutik, ia bi urte igaro dira. «Proposamena berandu samar etorri bada ere, berri ona da», adierazi du EH Bilduko bozeramaile Juan Karlos Izagirrek, Naiz irratiari eskainitako elkarrizketa batean. «Estatuaren biktimak oroitzeko gunea izan behar da, eta eragileek ere beren lekua behar dute zuzendaritzan eta espazioa kudeatzeko lekuetan».