Oskarsson aurrelaria eta Aguerd atzelaria ekarri ditu Realak
Bukatu da udako fitxaketen merkatua, eta Realak iragarritakoa bete du. Aurrelari bat eta atzelari bat ekarriko zituztela adierazi zuen Jokin Aperribai presidenteak duela aste batzuk, eta horrela izan da. Orri Oskarsson aurrelari gazteak eta Nayef Aguerd atzelariak osatuko dute txuri-urdinen lehen taldea.
Islandiakoa da Oskarsson, 20 urte bete berri ditu, eta 20 milioi euro pasa ordainduko dizkio Realak Danimarkako Kopenhage taldeari. Aguerd, berriz, Marokokoa da, 28 urte ditu, eta utzita etorri da Ingalaterrako West Ham taldetik. Biak txuri-urdinen taldea indartzera eta lehiakorragoa izateko ekarri ditu klubak.
Joan-etorriekin, Realaren lehen taldeak 27 jokalarirekin egingo dio aurre denboraldiari. Horietatik hamabost harrobikoak dira. Joan direnak bost hauek dira: Robin Le Normand (Atletico Madril), Martin Merquelanz (Eibar), Mikel Merino (Arsenal), Robert Navarro (Mallorca) eta Carlos Fernandez (Cadiz). Eta beste bost dira etorritakoak: Sergio Gomez (Manchester City), Javi Lopez (Alaves), Luka Sucic (Salzburgo), Orri Oskarsson (Kopenhage) eta Nayef Aguerd (West Ham).