Cristina Lage zinegotziak udala utziko du, Kataluniako Generalitateko Turismo zuzendaria izateko
Cristina Lage Manich PSE-EEko zinegotziak (Bartzelona, 1966) Donostiako Udala utziko du, Kataluniako Generalitateko Turismo zuzendari kargua hartzeko. Aniztasuneko, Inklusioko eta Berdintasuneko zinegotzia da egun, 2023ko udal hauteskundeetatik. Zinegotzi aktari uko egingo dio datorren ostegunean (irailak 5) egingo den Ezohiko Osoko Bilkuran.
2019ko udal hauteskundeetan, PSE-EEren zerrendan joan zen, baina ez zuen zinegotzi akta eskuratu. Ordea, Ernesto Gasco zerrendaburuak udala utzi zuen handik gutxira, eta Lagek bete zuen bere hutsunea, baita udal gobernuan Turismo Sailaren ardura hartu ere. Bartzelonakoa da jaiotzez eta Filologia Hispanikoa ikasi zuen hiriburu katalanean, baina 1994tik bizi da Donostian. Udalera heldu aurretik, ekitaldien antolaketan, marketinean, publizitatean, enpresa kudeaketan eta ostalaritzan lan egin zuen.
Turismoaren sektorearekin, beraz, harremana zuen Lagek udalera heldu aurretik. Hain zuzen ere, Donostiako turismo eredua sustatu du Lagek udalean eman dituen urteotan, besteak beste, Pintxo Institutua sustatuz eta Kursaala Turespaña konbentzioaren egoitza izatea ahalbidetuz.
PSE-EEk oraindik ez du iragarri nork hartuko duen Lageren lekua udalean, baina Monica Pedreira eta Iñigo Garcia dira 2023ko udal hauteskundeetako zerrendako hurrengoak; biek karguak dituzte Gipuzkoako Foru Aldundian.