Epelkeriaren kontra agertu da Nakar laukotea
Donostiako Nakar taldeak Epelkeriaren kontra lan berria plazaratu du, eta sarean entzungai jarri dute. Abuztuaren 31n aurkeztu zuten Mogambo aretoan, eta kontzertu gehiago emango dituzte euren manifestu berria hedatzen jarraitzeko.
Sei pieza ditu lanak, eta zuzenagoak zein gordinagoak dira Lore ta laban diskoarekin alderatuta. Postpunk elektronikoaren bidetik jarraitzen dute, sintetizadoreen presentziarekin. Udako zuzeneko emanaldietan zeresana eman duen ereserkia –MGGDP— lan honetan jaso dute.
Nakar Donostian jaio zen 2022an, eta Andoni Olaetxeak, Jokin Azpiazuk, Jone Laspiurrek eta Xalba Ramirezek osatzen dute. Taldea postpunketik abiatzen da nagusiki, baina elektronika, hyperpop eta bestelako estiloak nahasten ditu, besteak beste. Sintetizadore analogiko eta digitalekin, baxuarekin, gitarrarekin eta ahotsarekin egiten dute lan.