GOe eraikitzen hasiko dira datozen asteetan
Lurrak mugitu eta zimenduak ezarri ostean, eraikinaren egitura eraikitzeari ekingo diote hastear duten bigarren fasean.
GOe eraikineko lanen bigarren fasea “hastear” da, eta, “segurtasun kontuengatik”, markesina bat jarriko dute obraren Basque Culinary Centerren (BCC) eraikinaren aldamenetik pasatzen diren oinezkoentzako. BCCk ohar batean adierazi duenez, elementu hori jartzeak eragina izango du Nafarroa etorbidean eta Rodil pasealekuan, espaloia ez ezik, errepideko errei bat moztuko dutelako gaurtik larunbatera bitarte.
Gaur goizean hasi dira Nafarroa etorbideko erreia eta espaloia ixten. Rodileko eskailerak, ordea, “une oro” irekita mantenduko dituztela iragarri du aipatutako iturriak. Oinezkoentzako eta ibilgailuentzako murrizketa larunbat arratsaldean amaituko da, markesina osorik instalatu ondoren.
Lanen denbora tarteak zorrotz ari dira mantentzen eta datorren urterako eraikina irekitzeko moduan egon ahal izatea espero dute. Lur mugimendua eta zimenduak aintzat hartzen dituen lanen lehen fasea “amaitzear” dagoenez, “eraikinaren egitura zatiari” helduko diote datozen asteetan. Horren ostean, barruko lanak egiten hasiko dira. Hala, iragarritako epeak errespetatzen badituzte, 2025eko udan amaituta beharko lituzkete instalazio eta akabera guztiak.