Pedro Miguel Etxenike zientzialaria protagonista duen dokumentala aurkeztuko dute Tabakaleran
Pedro Miguel Etxenike fisikariak (Isaba, Nafarroa, 1950) El secreto de la naturaleza dokumentala (Jose Antonio Perez Ledo, 2018) aurkeztuko du irailaren 12an Donostian, zientziaren eta edertasunaren inguruan Etxenikek dituen hausnarketei buruzkoa. Juan Ignacio Perez Iglesias Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuak eta Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendariak aurkeztuko dute filma, 19:00etan, eta ondoren, Etxenike elkarrizketatuko du Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendari nagusiak.
Filma Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedrak eta K2000k ekoitzi dute. Filmak Etxenikeren bizitza eta obra aztertzen ditu, eta zientziaren eta edertasunaren inguruko gogoetak partekatzen ditu. Horretarako, fisikariak bi galdera estetiko ditu abiapuntu: Edertasuna benetako irizpidea al da? Zer da edertasuna zientzian?.
Pedro Miguel Etxenikek aintzatespen asko jaso ditu, besteak beste, Ikerkuntza Euskadi Saria 1996an, Fisikako Max Planck Saria 1998an eta, urte berean, Ikerketa Zientifiko eta Teknikoaren Asturiasko Printze Saria, solidoen gainazaleko egoera elektroniko ispiluen iragarpen teorikoan egindako aurkikuntzengatik. Ekarpen garrantzitsuak egin ditu ioi-materia interakzioen arloan eta mikroskopia elektronikoan eta tunel efektuko mikroskopian elektroiek duten energia galeren arloan. Egun, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) katedradun emeritua eta Donostia International Physics Centerreko (DIPC) presidentea da. Urtero, Euskadiko Filmategiak, DIPCk eta Donostia Zinemaldiak antolatzen duten Zinema eta Zientzia zikloari hasiera ematen dio.
DIPCrekin eta Donostia Zinemaldiarekin elkarlanean antolatutako emanaldirako sarrerak salgai daude Tabakaleraren webgunean eta, fisikoki, eraikinaren informazio gunean.