Polloeko mausoleoko gurutzea botatzeko eskatuko du CNTk ofizialki
Hurrengo ostiralean, hilaren 13an, 88 urte beteko dira armada frankistak Donostia menderatu zuenetik —1936ko irailean irabazi zuten Donostian—, eta Gipuzkoako CNTk udalari eskaera zehatz bat egiteko baliatuko du egun hori: Polloeko hilerriko mausoleo frankistako gurutzea bota dezatela eskatzeko. Hala azaldu du sindikatu anarkistak: “2024ko irailaren 13an, Donostiako Udalaren erregistroan udalari eta alkateari Polloeko hilerrian frankistek eraikitako mausoleoan dagoen gurutzea kentzeko eskatuko diegu. Eta gure kideak diren Narciso de Santos Herrero, Marcos Gallaralde Elejalde, Alvaro Pascual Izurza, Eusebio Serrano Alvarez eta izena ez dakigun beste batzuen izenean egingo dugu. Gure kideak Polloeko mausoleoan borreroen ondoan ehortzirik daude, faxistek halaxe nahi izan zutelako. Faxistak uniformeak jantzirik eta dominak jarririk txukun ehortzirik daude, eta milizianoak hezurrek osatutako itxurarik gabeko multzo batean daude”.
Sindikatuak nabarmendu du udalak beti gonbidatu ohi dituela egun horretan antolatu ohi duten oroitzapen ekitaldira, baina ez direla inoiz joaten, ekitaldi horiek planteatzeko moduarekin kritikoak baitira: “Egun horretan armada frankista Donostian sartu zela aipatu behar da, baina trikimailu politikoa hiztegian hitz zehatzen esanahia (urteurrena, oroimen ekitaldia…) maltzurkeriaz bilatzea da, hirian izan den egunik beltzenari buruz ekitaldi instituzionalak egin ahal izateko. Eta arduradun politikoei gehien komeni zaien ekitaldian, eszenatokia edozein izan daiteke. Danborrada bat oraindik ere antolatu ez izana bitxia da”.
Erakunde publikoek memoria historikoari buruz egiten dituzten ekitaldietan, gehienetan, biktimen senideak izan ohi dira erdigunea. Senideek “ikusgai izateko duten beharra” ulertzen duela adierazi du sindikatuak, baina “azterketa politikoak harago joan behar” duela deritzo: “CNTk ez du errepresioa jasan zutenen senitartekoen izenean hitz egiten, senitarteko horien artean hainbat sentiberatasun eta iritzi politiko daudela badakigulako, eta kontu hauei buruz jardutea beraiei dagokiela uste dugu. Baina ez dezagun oker jokatu, CNT sindikatuak bere bazkidetuen izenean zuzenean eta bitartekaririk gabe hitz egiteko zilegitasun osoa du, 1910etik honela egiten baitu”. Horregatik, hain justu, “isiltasunarekin” erantzuten diote urtero udalaren gonbidapenari.
Esanahi aldaketa
Polloeko mausoleoko esanahia 2023an aldatu zuten erakundeek, han urte luzez ikusgai egon zen plaka frankista kenduz eta bertan hainbat frankistekin lurperatuta dauden borrokalari errepublikanoak omenduz. Izan ere, Aranzadik egindako ikerketan, bertan lurperatutako hamazazpi miliziano identifikatu zituzten, nahiz eta jakina den beste gorpu asko daudela han lurperatuta.
Esanahi aldaketa, aldiz, oso motz gelditzen da, CNTren aburuz: “Mausoleo horren esanahia aldatu nahi izatea umiliazioa betikotzeko modua baizik ez da. Frankistek jarritako plaka kentzea, elementu txikiago bat jartzea eta guri iritzia eskatu gabe omenaldi ekitaldia antolatzea egin behar dena ez egiteko trikimailua izan zen. Faxistek 1939an eraiki zutena eraistea eta kentzea herri justizia burutzea litzateke”. Iazko azaroan, Elkarrekin Podemosek Eusko Legebiltzarrean eskatu zuen gurutzea kentzeko, baina eskaera baztertua izan zen.
Urte luzez, ukitu gabe
Iñaki Egaña Euskal Memoria Fundazioko historialari eta hedabide honetako kolaboratzailea izan zen mausoleoa aztertzen lehena: “Duela 30 bat urte, 36ko gerra Euskal Herrian eta Donostian nolakoa izan zen aztertu nuen. Horrela, garai hura bizi zuten herritar batzuen testigantzei esker, jakin nuen mausoleoan errepublikano batzuk lurperatu zituztela, eta pare bat aldiz idatzi nuen horri buruz”, azaldu zion hedabide honi, 2022an, mausoleoari buruzko erreportaje batean.
2021era arte, aldiz, ez zen esku hartzerik izan mausoleoan. “Itsaso Bikuñak [Dinamita Tourreko kidea] iritzi artikulu bat idatzi zuen IRUTXULOKO HITZA-n [2021eko azaroaren 12an], eta nik argitaratutakoa aipatu zuen. Artikulu hori aipatuz, EH Bilduko zinegotzi Markel Ormazabalek iradokizun bat aurkeztu zuen udaleko Giza Eskubideen Batzordean, eta udalak ere ez zuenez horren guztiaren berri, Aranzadiri ikerketa bat egiteko agindu zioten”, azaldu zuen Egañak aipaturiko erreportajean. Hain zuzen ere, Bikuñaren artikuluaren aurretik, 2020ko urrian, hedabide honek mausoleoaren inguruko erreportaje bat argitaratu zuen, eta hor ere Egañaren ikerketak aipatu zituen.