Udalak hasierako onarpena eman dio Añorgako Geltokia urbanizatzeko jarduketa programari
248 etxebizitza eraikiko dituzte; horietatik, 46 babes sozialekoak izango dira, beste 46 etxebizitza babestu tasatuak eta 156 etxebizitza libreak.
Donostiako Udalak hasierako onarpena eman dio Añorgako Geltokia azpieremua urbanizatzeko jarduketa programari. Programa horren jarduketa integratuko eremua 31.164 metro koadrokoa da, eta Añorga hiribideko lursail batzuk atxikitzen zaizkie, bertan aurreikusitako urbanizazio obrak egiteko.
Eneko Goia alkateak gogorarazi duenez, “Añorgako Geltokia garatzeko lanak hasteko azken izapideetako bat da, 248 etxebizitza unitate inguru eraikitzeko bidea emanez; horietatik 46 babes sozialeko etxebizitzak izango dira, 46 etxebizitza babestu tasatuak eta 156 etxebizitza libreak, ingurunerako beste hobekuntza batzuez gain”.
Urbanizazio aurreproiektuak 6.616.061 euroko aurrekontua aurreikusten du Añorga Txikiko hirigunean integratutako proiektu berria egiteko, eremuaren zuzkidurak birkualifikatzeko ekipamendu berriak antolatuz, plaza eta igogailu berri batekin. Gainera, lurperatuta dagoen zatian, Añorgako errekastoa aire zabalera irekitzea ere aurreikusten dute eta Euskotrenen geltokia Añorga Txikira hurbiltzea ere bai.
Alkateak zehaztu duenez, etxebizitzak eraikitzen hasteko lanak bi hilabete barru hastea aurreikusten du udalak.