Saiakera bat izatetik, nobela bihurtzera
Beñat Sarasola idazle donostiarrak 'Coca-Cola bat zurekin' liburua aurkeztu du, Plaza Berriko liburutegian.
Frank O’Hara poeta estatubatuarra da Coca-Cola bat zurekin (Susa) nobelako protagonista. Urteak dira Beñat Sarasolak haren poemak irakurtzen hasi zela, eta aspalditik estimatzen du haren poemagintza. O’Hararen lanari buruzko saiakera bat idaztea erabaki zuen, baina aukera hori baztertuta, nobela bat idatzi du poetaren bizitzan oinarrituta, besteak beste.
Gaur goizean aurkeztu du idazle donostiarrak bere bigarren nobela, Plaza Berriko liburutegian. Lagunen eta ezagunen artean, eleberriaren nondik norakoak azaldu dituzte Sarasolak berak eta Susa argitaletxeko editore Leire Lopezek. Nobelaren izenburuari erreferentzia egiten dion poema irakurriz hasi du hitzartzea Sarasolak. Honela hasten da: “Coca-Cola bat zurekin hartzea / are dibertigarriagoa da Donostia, Irun, Hendaia, Miarritz, Baionara joatea baino”.1965ean Love Poems liburuan sartu zuen lehendabiziko aldiz, eta donostiarrak bere nobelan osorik jaso du euskaratuta.
O’Hara New Yorkeko MoMA museoko arte komisarioa zen lanbidez, eta Euskal Herrian izan zen 1960ko hamarkadako udaberrian, Spanish Painting & Sculpture izeneko erakusketa bat prestatzen ari zelako, eta Oteiza eta Txillida izango ziren erakusketa horretarako hautatu zituen artistetako bi. Testuinguru horretan kokatu du Sarasolak nobela, baina ez da inolaz ere horretara mugatzen.
Bi zutabe
Sarasolak azaldu duenez, nobela bi zutabe nagusi ditu: “Alde batetik, artearekin loturiko gauzak daude. Bestetik, nobela askotan gertatzen den moduan, maitasun istorio bat dago. O’Harak Vincent Warren dantzari kanadar gaztearekin harreman laburra eta sutsua izan zuen”.
1960ko hamarkadan gertatzen da nobela, eta frankismoak garai hartan izan zuen jarreran sakondu du donostiarrak. “Frankismoa saiatzen ari zen artearen bidez bere burua zuritzen nazioartean. Arte abangoardistena bultzatzen zuten erakusketako Espainia irekia eta modernoa zela. Testuinguru politikoa eta artistikoa oso bizia zen, Espainian eta AEBetan”, azaldu du Sarasolak.
Lopezek eleberriaren bestelako zertzeladak eman ditu, O’Hararen bizitzaren kontakizunarekin lotura dutenak: “Gorputzaren ahalak eta mugak. Maitasunaren zoriontasun betea eta betetasun horren iragankortasuna. Desira eta ezulertua. Plazagizonaren ezkutuko mindura. Harremanen anbiguotasuna. Frankismo betean erakusketa antolatzeko izan zituen zailtasunak, pintoreekin nahiz funtzionario frankistekin izandako harremanak”.
Bestelako pasarte eta ibilerak ere jasotzen ditu liburuak, eta hainbat dira agertzen diren pertsonak. “Oteizaren izaera trumoitsua eta Montevideon pasatu zituen egunak, Txillidak eta berak orduan izan zuten harremana. Grace Hartigan, Nestor Basterretxea, Diane di Prima, John Ashbery, Helen Frankenthaler, Antoni Tapies, Ramos ahizpak, Antonio Saura, eta abar”, esan du Lopezek. Dena dela, Sarasolak beste pertsona bat gaineratu du, haren ustez O’Hararen bizitzan garrantzitsua izan zena: Joe LeSueur. “Urtetan elkarrekin bizi izan ziren, eta harreman berezia izan zuten”, nabarmendu du donostiarrak.
IRUTXULOKO HITZAk Sarasolarekin izandako solasaldia argitaratuko du ostiraleko astekarian.