Iñigo Garciak hartuko du Cristina Lageren lekua
Gaur goizean ezohiko udalbatzarra egin dute, eta politikari kataluniarrak uko egin dio Donostiako Udaleko zinegotzi izateari.

PSE-EEren udal taldeak aukeratu du Cristina Lageren ordezkoa: Iñigo Garcia (Donostia, 1986). Gogoratu behar da Lagek Kataluniako Generalitateko Turismo zuzendaria izango dela. Hain zuzen ere, gaur goizean utzi du zinegotzi akta udaletxean egindako ezohiko udalbatzarrean.
Garciak bere gain hartuko ditu Ingurumen, Aniztasun eta Inklusio Sailak. Ardurak “gogoz eta ilusio handiz” hartu ditu, eta hainbat erronka izango ditu, besteak beste: Isuri Gutxiko Eremuak ezartzeko prozesua ordenantzaren onarpenarekin errematatzea, energia komunitateen garapena sustatzea eta udal kontsumorako energia berriztagarriak ekoizteko helburuak lortzen saiatzea.
Eraikuntza Ingeniaritzan lizentziaduna da eta bere karrera profesionalaren zati handi bat enpresa pribatuan egin du. Orain arte, Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendaria izan da. Zinegotzi akta hilaren 26ko udalbatzarrean hartuko du Garciak.
Berdintasun Saila
Garciak ez ditu Lageren zinegotzigo guztiak hartuko. Berdintasun Saila, berriz, Ane Oiarbide bigarren alkateordearen eta bozeramaile sozialistaren eskuetara itzuliko da —pasa den legegintzaldian ardura hori bete zuen—. Horrekin batera, Ekonomia eta Enpleguko zinegotzi ordezkaria izaten jarraituko du.