Isuri Gutxiko Eremuaren informazio panelak jartzen hasi dira
20 panel baina gehiago ezarriko dituzte hiriko hainbat gunetan, trafikoaren eta aparkalekuen berri emateko.
Isuri Gutxiko Eremuaren xehetasunei forma ematen hasi dira udalean, eta dagoeneko, ikusgai daude mugikortasun neurri berriak ekarriko dituen hainbat aldaketa. Duela aste batzuk, trafikoa mugatuta egongo den eremuaren sarreretako kamerak hasi ziren instalatzen eta azken egunotan hasi dira panelen sarea jartzen, trafikoarekin eta zirkulazio ekologikoaren inguruko informazioa emateko. El Diario Vasco egunkariak zehaztu duenez, 25 panel aurreikusi ditu Donostiako Udaleko Mugikortasun Sailak, eta horietatik bederatzi jarri ditu dagoeneko. Gainerakoak udazkenean zehar instalatuko dira. Guztiak ez dira berdinak izango, horien tamaina aldakorra izango baita, ezarrita dauden bide edo kalearen arabera.
Isuri Gutxiko Eremua
Gogora dezagun, Isuri Gutxiko Eremua 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera jarriko dutela martxan, eta hortik aurrera trafikoa mugatuko dela Erdialdean, Amaran eta Parte Zaharrean. Udalak azken hilabeteotan baieztatu duenez, mugikortasun neurri horren ezarpena mailakatua izango da eta lehenengo hilabeteak gidarien egokitzapenerako izango dira. Hortaz, ez da isunik egongo hasieran.
Zehaztutako eremua zeharkatzeko, beraz, derrigorrezkoa izango da ingurumen etiketa. Etiketa horiek aurretik bereganatu ahal izango dira, betiere diesela erabiltzen duen ibilgailua 2006aren urtarrilaren 1etik aurrera matrikulatu bada eta gasolina erabiltzen duen ibilgailua 2001eko urtarrilaren 1etik aurrerakoa bada. Ibilgailua epe horien aurrekoa izanez gero, ezingo du eremuan sartu, betiere, udalak aurreikusitako salbuespenen zerrenda luzeko baldintzarik ez badu. Udalak jakinarazi duenez, “askotariko salbuespen neurriak” hartuko ditu kontuan, eta besteak beste, egoiliarrei, langileei, eremuan aparkalekuren bat dutenei edo mugikortasun arazoak dituzten pertsonei aplikatuko zaizkie.