Baina ondo daude, eh?
VOLVERÉIS
Zuzendaria: Jonas Trueba · Urtea: 2024 · Herrialdea: Espainia
Belaunaldi oso baten sentimenduak eta erronkak bistaratzen dituen Quién lo impide (2021) lan monumentalaren ostean, Jonas Truebak ohiko duen (ustezko) sinpletasuna berrartu zuen Tenéis que venir a verla (2022) pelikula txiki, arin, iheskor baina ederrarekin. Aspaldikoz elkartuko diren lagunak, bikoteen arteko hartu-emanak eta hizketaldiak, irakurraldiak, paseoak… Bada, lehenaren ausardia estetikoa eta bigarrenaren intimotasun umila uztartuz, zinemagile espainiarrak gozagarria bezain xumea eta zintzoa den obra oparitu digu oraingoan.
Eta oparia diot, behin eta berriz ikusteko, bere unibertsotik alde ez egiteko eta gozatzeko modukoa delako, zalantzarik gabe, Volveréis: Hamabost urteko harremanaren ostean, Ale (Itsaso Arana) eta Alex (Vito Sanz) banatzekotan dira, eta emakumearen aitaren betiko ideia zentzugabe bati helduz festa bat antolatuko dute haustura ospatzeko. «Ziur zaudete?», izango da lagun guztien bat-bateko erreakzioa; «Baina ondo gaude, eh?», bikotearen erantzun automatikoa.
Zoroa eta txoroa dirudien argumentuari —beharbada, bazkalosteko komedia estatubatuar nekez horietan soilik ezagutu dugunari— buelta eman dio Truebak, ironia, umorea eta inteligentzia txertatuz. Izan ere, iraultzailea ez da horrenbeste filmaren abiapuntua izango, baizik eta berau egikaritzeko formulazioa. Zuzendariaren esku hartzea ageriko da oso, baina ikus-entzuleongan ez du sekula distantzia artifizialik ezarriko. Bizitza eszenaratzearen mesedetara jartzeko erraztasunak eta interpretazioen naturaltasunak bat egingo dute, eta ondorioz, ezin bereiziko da errealitatearen eta eraikitako munduaren arteko muga.
Volveréis-en autokontzientziak Federico Fellini italiarraren Fellini otto e mezzo (1963) maisulana iradokiko digu bereziki. «É una festa la vita, viviamola insieme», dio Guidok ia bukaeran, bizitzari zentzua behingoz aurkitu eta festa giroan eskutik helduta dantzatzeari ekingo diote, noiz eta, Marcello Mastroianniren pertsonaia prestatzen ari den pelikula gu geu ikusten ari garen berdina dela jabetzean. Truebaren filmean antzera gertatuko dela esan dezakegu: Ale zinemagilea da (Arana ere hala da; kasu honetan, gainera Truebaren alter ego-a), eta pixkanaka-pixkanaka joango gara konturatzen ikusten gabiltzana izan daitekeela emakumea errodatzen ari dena, Alex aktore duena (Sanz bezala, noski).
Are, Fernando Truebak grazia maitagarriarekin interpretatutako Aleren aitaren etxean egingo duten lagunarteko festa erraldoiaren aurretik —bide batez, Eric Rohmeren Conte d’automne (1998) filmari ere omen egiten diona—, lantaldea proiekzio mahaian bilduta erakutsiko digu zinemagile espainiarrak, eta lehen sekuentzietatik martxan dagoen joko metalinguistikoak goia joko du orduan: filma propio analizatu, kritikatu eta aztertuko dute, iritzi trukaketa kolektibo batean.
Bizitza bera bezala, errepikakorra da Truebaren film berriena; bizitzan bertan gertatu ohi denez, sentimenduak eta emozioak ditu motore; eta bizilegez, pertsonaiak literaturan, filosofian, musikan babestuko dira, baina batez ere, zineman. Pelikula hautsia da Volveréis, inperfekzioei beldurrik ez diena. Lineala bezain zirkularra, ziklikoa. Maitasunaren logika ez idatziei jarraiki, aurreikusi ezin dena. Eta batez ere, jostalaria.