Laugarren geratu da Nahia Zudaire, Paralinpiar Jokoetan
Igerilari donostiarrak, ostegun arratsaldean jokatutako finalean, bere kirol ibilbidean Joko Paralinpikoetan lortutako emaitzarik onena lortu du.
Nahia Zudaire donostiarrak laugarren postua lortu du 100 metroetako bular-erako finalean, Parisen jokatzen ari diren 2024ko Paralinpiar Jokoetan, ostegun arratsaldean, eta, horrenbestez, beste diploma bat eskuratu du. Parisko Paralinpiar Jokoetan, orain erdietsitako postuaz gain, Zudaire zazpigarren sailkatu da 400 metro libreetan, zortzigarren estiloetako 200 metroetan, eta seigarren 4×50 metroko errelebo mistoan, estilo librean.
Bular-estiloko 100 metroetan, Zudairek, Basque Teamekoa bera, 1:33.48ko denbora eginda, bi segundora baino gutxiagora izan du brontzezko domina. Mariia Pavlova errusiarrak irabazi du, eta munduko marka berria ezarri (1:26.09), Iona Winifrith britainiarrak eskuratu du zilarrezko domina, eta Tess Routlife kanadiarrak bereganatu du brontzea.
Orain lortutako laugarren postuarekin, zubietarrak orain arte egindako kirol ibilbidean Paralinpiar Jokoetan izandako emaitzarik onena izan du.
#Paris2024 Nahia Zudaireren adierazpenak bular estiloko 100 metrokoan diploma lortu eta gero.#Paris2024 Declaraciones de Nahia Zudaire tras conseguir un diploma en los 100 metros braza. pic.twitter.com/WhIz82J9YC
— BAT Basque Team (@BATbasqueteam) September 5, 2024