Zinemaldira datozen izen handien zerrenda osatuz doa: Pamela Anderson, Monica Bellucci, Javier Bardem ...
Zinemaldiaren azken txanpan sartuta —eta oraindik epaimahaia erabakita ez dagoen arren—, hirira etorriko diren izen handiak aurkeztu dituzte gaur egindako agerraldian. Itzal handiko zinemagile, antzezle, gidoigile eta ekoizleen zerrenda luze batek jada berretsi du Donostian izango direla Zinemaldiaren 72. edizioan.
Pedro Almodovar, Cate Blanchett eta Javier Bardem Donostia Sariez gain —Bardemi iaz eman zioten saria, baina aurten jasoko du—, euren filmak aurkeztera etorriko dira Donostiara Pamela Anderson, Monica Bellucci, Jamie Campbell Bower, Úrsula Corberó, Johnny Depp, Ester Expósito, Andrew Garfield, Karla Sofía Gascón, Isabelle Huppert, Noemie Merlant, Ángela Molina, Franco Nero, Lupita Nyong’o, Nahuel Pérez Biscayart, Charlotte Rampling, Will Sharpe eta Tilda Swinton.
Halaber, gaur egungo zinematografiako hainbat zinemagile garrantzitsuk euren azken proposamenak aurkeztuko dituzte: Jacques Audiard, Sean Baker, Edward Berger, Leos Carax, Costa-Gavras, Gia Coppola, Audrey Diwan, Arnaud Desplechin, Mati Diop, Adam Elliot, Coralie Fargeat, Payal Kapadia, Dea Kulumbegashvili, Mike Leigh, Joshua Oppenheimer, François Ozon, Mohammad Rasoulof, Walter Salles, Jane Schoenbrun, Paolo Sorrentino, etab.
Konpromiso politikoa
Jose Luis Rebordinos zuzendariak azaldu duenez, oso zabala izango da programazioa: “Festibal asko daude Zinemaldiaren barruan”. Atzera Begirakoari eman diote garrantzia berezia. Aurten, Elias Kerejeta Zine Eskolarekin eta Filmategiarekin elkarlanean, Italia Biolentoa eta La otra isla Kubari buruzko atzera begirakoa.
Jaialdi “garaikide” gisa ikusten bere burua Zinemaldiak, eta garaiko borroken eta aldarrien bozgorailu izateko ahaleginak nabarmendu dituzte. Batzuenak, noski. LGTBI+ borrokekiko konpromiso irmoak 25 urte beteko ditu aurten, Gehiturekin batera urtero banatzen den Sebastiane sariarekin, alegia. Bestetik, Argentinako gobernu neoliberalaren aurkako protesta egin dute: “Ez gara alderdien jokoan erortzen. Macriren gobernuarekin egin dugu lan, baita peronistekin ere. Arazoa giza eskubideak dira: ez dugu onartuko kulturan murrizketarik, ez eta diktaduren gorazarrerik”, aldarrikatu du Rebordinosek.
Petra Costaren ‘Apocalypse in the Tropics’ filmak osatuko du Perlak saila
Petra Costa zinemagileak (Belo Horizonte, 1983) Donostia Hiria Publikoaren Saria jasoko eta Apocalypse in the Tropics aurkeztuko du Perlak sailean. Brasildarraren lan berria, Veneziako Mostran lehiaz kanpo estreinatua, mugimendu ebanjelikoak arakatzen dituen ez-fikzioa da; zehazkiago, fenomeno horrek Jair Bolsonarori Brasilgo presidentetzarako bidea nola erraztu zion kontatzen digu. Costaren filmografian Elena (2012), Olmo and the Seagull (2015) eta The Edge of Democracy (2019, dokumental onenaren Oscar sarirako izendatua) nabarmentzen dira, besteak beste.