Amarako eraso matxista salatzeko mobilizatu dira
Udaltzaingoak gizon bat atxilotu zuen ostegunean Donostian, asteazken gauean Amarako Easo plazako aparkalekuan emakume bati sexu erasoa egitea egotzita. Horren aurrean, Zapi Moreak Amarako talde feministak deituta, elkarretaratzea egin zuten hainbat herritarrek ostiral arratsaldean Easo plazan, erasoa salatzeko eta biktimari babesa adierazteko.
Zapi Moreak taldeak argi adierazi zuen Amarako erasoa ez dela kasu isolatu bat: “Zoritxarrez, indarkeria matxistarekin zerikusia duten albistez betetako udara izan dugu. Euskal Herriko txoko guztietan izan dira erasoak, hau ez da kasu isolatua izan. Salatutakoen kasuen berri izan dugu, baina ziur gaude salatu gabeko beste hamarnaka eraso matxista ere egon direla”.
Era berean, “sistema heteropatriarkal, kapitalista eta arrazista” jarri zuten jomugan: “Sistema honek ahalbidetu egiten du gizonek sentitzea zilegitasun osoa dutela emakumeekin nahi dutena egiteko. Gezurra dirudi gaur egun, oraindik ere, norbaitek pentsatzea beste baten gorputza erabil dezakeela haren oniritzirik gabe eta nahi duen eran. Azpimarratu nahi dugu honekin bukatzea gizarte osoaren eginkizuna dela: ardura kolektiboa da!”.
Horrez gain, zurrumurru arrazisten aurka ere egin zuten: “Ez genuke aipatu gabe utzi nahi, albistea jakin denetik, auzotarren artean aurreiritzi arrazista ugari sortu direla. Inolako informaziorik gabe seinalatu eta kriminalizatu da gizarte talde oso bat. Jaietan esan genuen moduan, Amaran ez dugu inolako erasorik onartuko: ez sexista, ez transmaribibollofobiko ezta arrazistarik ere”. Amaitzeko, “autodefentsa feministarako eta antolakuntzarako deia” egin zuten: “Bizitzaren aldeko apustu erradikala egiten dugu eta badakigu antolakuntza eta autodefentsa izango direla gure tresna eraginkorrenak”.