Isunen kontra eta independentziaren alde
Ernai gazte antolakundeak manifestazio jendetsua egin du gaur eguerdian, 'Bat eginez, independentziara!' lelopean.
Kontxako Banderaren bigarren jardunaldia bukatuta, milaka lagunek bat egin dute, Bat eginez, independentziara! lelopean, Ernai gazte antolakundearen manifestazio deialdiarekin. Ernaiko 133 kideri jarritako isunen kontra atera dira kalera. Aitor Zelaia eta Galder Barbadoren espetxeratzearen aurka mobilizatzeagatik, guztira, 290.500 euro ordaintzera behartu dituzte.
Martxa abiatu aurretik, Amaiur Egurrola bozeramaileak hitz egin du: “Ernairen kontra abiatu duten auziari erantzuteko elkartu gara. Batez ere, gazteria independentista kalean dagoela esateko, eta Donostiako kaleak independentziaren aldeko aldarriez betetzeko”. Horrekin batera, Egurrolak adierazi du pentsamendu politiko bat “isiltzeko nahia” dutela batzuek. “Kaleak hartzen jarraituko dugu, gero eta gehiago garelako independentziaren aldeko hautua egiten dugun gazteak”, gaineratu du.
Ernairen “zulo ekonomikoa” estaltzeko, diru bilketak abian jarraitzen duela nabarmendu du Egurrolak.