'Allez, Allez...!' ikuskizunarekin oroituko dituzte frankismoaren biktimak
Emanaldia hilaren 12an egingo dute, frankismoaren eta estatu kolpearen biktimak omentzen diren egunaren bezperan. Artistek, orduko kantuen bitartez, 1939ko exodoa ekarriko dute bueltan.
Ostiral honetan, 88 urte beteko dira tropa frankistek Donostia hartu zutenetik. Data hori baliatuta, ikuskizun bat eskainiko dute Udaletxeko Osoko Bilkuren aretoan, bezperan, hilak 12, frankismoaren eta estatu kolpearen biktimak izan ziren donostiar guztiak oroitzeko. Zehazki, Frantziako kontzentrazio esparruetan izan zirenen istorioak bilduko dituzte “Allez, Allez…!” emanaldian.
Antolatzaileek azaldu dutenez, izenburuko hitzok etengabe errepikatzen zituzten jendarmeek, eta erbesteratu zein senide askoren memorian geratu dira, belaunaldiz belaunaldi. Senide horietako batzuk dira, hain zuzen, ikuskizuneko protagonista Luisa eta Cuco Perez. Hala, orduko abestien bitartez, Perez neba-arrebek euren amaren familiaren historia kontatuko dute emanaldian.
1939 eta 1942 artean Frantziako hainbat kontzentrazio esparrutan kantatu ziren abestiak dira horiek guztiak, orduan nagusitzen ziren musika estilotakoak: tangoak, habanerak, eta kupleak, besteak beste. Azaldu dutenez, abesti horiei letra aldatzen zizkieten errefuxiatuek, egunerokoan jasan behar zituzten baldintza negargarriak kontatzeko, eta baita umorea eta ironia zantzuak txertatzeko ere.
>Argitaratu gabeko kantu horien bidez, hain zuzen, Luisak eta Cuco Perezek 1939ko exodoa dakartzate bueltan, eta euren herrietatik herrialdetik alde egin behar izan zuten norbanakoen paperean jartzen dituzte ikus-entzuleak. Abestiak ez ezik, familiaren irudiarekin osatuko dute emanaldia, eta eszenografia gisa, bere amak gorde zituen egun haietako hainbat objektu erakutsiko dituzte.