Askatuak taldeak partida mordoarekin ospatuko du mende erdia
Askatuak taldearen 50 urteurrena ospatzeko asmotan hamaika ekitaldi egingo dituzte denboraldi osoan zehar. Hala iragarri du gaur goizeko aurkezpen ekitaldian izan diren taldeko kideak, eta udaleko eta aldundiko kirol arloko ordezkariek. “Urteurren hau garrantzitsua da, ez bakarrik Askatuak taldearentzat, baita Gipuzkoako saskibaloiarentzat eta Donostia hiriarentzat ere, klub hau hazten eta garatzen ikusi baitu hasieratik”, adierazi du Iñaki Gabarain Kiroletako eta Bizitza Osasungarriko zinegotziak.
Saskibaloi taldeak datorren asteazkenean, hilak 18, abiatuko ditu ospakizunak “oroitzapenezko partida” batekin. Denboraldiari hasiera emango diote Donostia Askatuak Gipuzkoa Basket Saskibaloia eta Bilbo Basket taldeen arteko norgehiagokarekin. Iragarri dutenez, “emozioz eta lehiakortasunez beteriko derbia jokatuko dute bi taldeek”. Irteteko pistola tiroa eman eta pare bat hilabetera jarraituko dute gainerako ospakizun jarduerekin. Abenduan, bigarren Saskiamets eguna antolatuko dute, saskibaloi inklusiboa omentzeko. Jardunaldi horretan, jokalariak, entrenatzaileak, familiak eta zaleak biltzeko asmoa dute, taldearen komunitatea indartzeko.
Gabonetan, berriz, taldearen eskoletan dauden haur eta gazteentzako lehiaketa bat antolatuko dute, eta apirilean, berriz, Euskadi, Nafarroa eta Akitania Berriko selekzioen arteko txapelketa izango dute. Urteurrenaren amaiera ekitaldia ekainean izango dute, denboraldiaren itxierarekin bat eginez. Azken ekitaldi horretan, Askatuak familiaren parte izan diren pertsona guztiak bilduko dituzte atzera begirako bat egiteko; taldearen historia errepasatu eta lortutako arrakastak ekarriko dituzte gogora.