Bi gizon atxilotu dituzte, kaiko saltoki batean lapurreta egitea egotzita
Ertzaintzak 36 eta 29 urteko bi gizon atxilotu ditu gaur goizaldean Donostian, kaiko saltoki batean indarra erabiliz ustez lapurreta egitea leporatuta.
Azaldu dutenez, gaur goizaldeko ordu bata baino minutu batzuk lehenago, Donostiako portuko segurtasun langileek Ertzaintzari jakinarazi diote ustez lapurretan ari zirela bertako lokal batean. Antza denez, bi gizon establezimenduko pertsiana behartzen ari ziren barrura sartu ahal izateko.
Ertzainek gizonetako bat saltokiaren ondoan zelatan ikusi dute, eta saltokiko sarrerako pertsiana bere lekutik aterata zegoela egiaztatu dute. Jarraian, ertzainek barruan sartu eta lokala miatu dute, eta bigarren gizona bertan ezkutatuta aurkitu dute.
Azkenean, bi gizonak atxilotu dituzte establezimenduan indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta. Ertzain etxeko eginbideak amaitu ondoren, biak Donostiako Epaitegiaren eskuetan jarriko dituzte.