«Irregulartasunak» salatu dituzte San Bartolomen merkataritza gunea eraikitzeko lizentzian
Amara Bai, Erdian Bizi, Dendartean eta Haritzalde elkarteek salatu dutenez, San Bartolome muinoa hustu eta merkataritza gune bat jartzeko lizentzian “irregulartasunak” daude: “B.20.2 CE.05 San Bartolome lurzatian merkataritza gune bat eraikitzeko lizentziari dagokionez, udal gobernuak tokiko gobernu batzordean aurkeztuko du, bihar, onar dezaten. Ordea, lizentzia hori legez kanpokoa da, onartu nahi den dokumentua jendaurrean jartzeko izapiderik ez dagoelako”.
Salatzaileek indarrean dagoen araudia gogorarazi dute: “Urbanizazio aurrekontua eraikuntza aurrekontuaren %5 baino handiagoa den obretan, bereizita izapidetu behar da, jendaurrean jartzeko izapidearekin. Urbanizazioa ezin da onartu eraikuntza lizentzia emateko prozeduran sartuta, ez delako jendaurrean aurkezten”.
Proiektuak igogailua, hormak, eskailerak, zerbitzuen desbideratzea, lau kaleren zoladura, argiteria, lorezaintza eta abar aurreikusten dituenez, elkarteak “ziur” daude araudian ezarritako ehunekoa “aise” gainditzen duela.
Gainera, aurreikusitako obrek lursailaren indusketa jarduera barne hartzen dute, eta elkarteen arabera, luze joko du eta inguruko etxebizitzen bizigarritasunean eta bizilagunen osasunean eragina izango du. “Gure ustez, onartezina da indusketa hori baimentzea, auzotarrek eta merkatariek espedientea aztertzeko aukerarik izan gabe eta haien eguneroko bizitza zenbateraino kaltetuko den ebaluatzeko aukerarik izan gabe”, deitoratu dute. Bestalde, adierazi dute ezin dela onartu “zuhaitzik gabeko berdegune berri bat urbanizatzea, eremuan dauden zuhaitzak moztu ondoren”.