Odon Elorzak udalari eskatu dio San Bartolomeko lanen datuak jakitera emateko
Udalak baimendu duen merkataritza zentroaren ordez, Erdialdeko muinoa hiri parke bat bihurtzea proposatu du alkate ohiak.
San Bartolomeko lanen inguruko “gardentasuna” eskatzeko, agerraldia egin dute gaur Odon Elorza alkate ohiak eta Jorge Letamendia Hirigintza zinegotzi ohiak, Alderdi Ederren. Hain zuzen ere, gaur bertan onartu du udalak San Bartolome muinoa hustu eta merkataritza gune bat jartzeko lizentzia.
Elorzak gogorarazi duenez, PSE-EEren udal gobernua izan zen proiektu hau proposatu zuena, eta 2005eko azaroan eman zioten hasierako onarpena. Muinoa birsortzeko eremuko etxebizitza asko eraitsi eta berriak eraikitzea aurreikusi zuten. Udalak 2008an sortu zuen San Bartolome Muinoa sozietate publiko-pribatua –%37ko parte hartzearekin–, hainbat promotore publikorekin batera. Gainera, Kutxa buru zuen banketxe talde batekin adostu zuen finantzaketa Elorzak. Diru kontuek nabarmen moteldu zuten proiektua, 100 milioi euroko kreditua behar zutelako aurrera egiteko. Oztopoak oztopo, 2010ean hasi ziren San Bartolome birgaitzeko lanak ondorengo aurreikuspenarekin: 532 etxe berri eraikitzea eta 1.000 garaje plaza inguru.
“Sozietate publiko-pribatu hori sortzea esperientzia interesgarria eta ezohikoa izan zen. Horrek bere arriskuak eta konplexutasunak zituen, eta batez ere, erabateko gardentasuna eskatzen zuen, berritasunagatik, esperientziagatik, eta jokoan zeuden interesengatik. Gainera, Plan Orokorraren erreforma bat egon zen, Izagirre jaunak 2014an hasi zuena eta Goia jaunak amaitu zuena talde politiko guztien babesarekin, PSE-EE eta PP barne, noski”, adierazi du Elorzak.
Hori dela eta, operazio horren inguruko “gardentasuna” eskatu dio udalari alkate ohiak, “ikusteko, hain zuzen ere, Goia jaunak eta Arzallus andereak esaten duten moduan, operazioaren oreka ekonomiko finantzarioa hausteko arriskua egon ote zen”. “Azken bi urteetan, esan dute San Bartolomeko merkataritza zentroa erabakigarria zela zenbakiek koadratu zezaten, eta galerarik egon ez zedin promotoreek eta udalak emandakoari dagokionez. Sozietateari lurrak eman zitzaizkion, eta ez dirua, 100 milioi euroko kreditu horretaz gain”, azaldu du alkate ohiak.
Krisiaren eragina
2008ko krisiak geldialdi bat eragin zuen higiezinen merkatuan, eta Elorzak nabarmendu duenez, 2013-2014 urteetan lurzoruaren prezioak jaisteak “nolabaiteko arriskua” ekarri zuen. “Baina ez dago oinarririk esateko operazioa bere osotasunean arriskuan zegoela, eta aurreikusi zitekeela %30eko galera ekarriko zuela udalarentzat eta promotoreentzat”, nabarmendu du.
Donostiako 2011ko udal hauteskundeak Bilduk irabazi zituen, eta San Bartolome birsortzeko proiektuarekin topo egin zuen Juan Karlos Izagirre alkateak. Hirigintza plana “desblokeatzeko” akordio bat sinatu zuten San Bartolomeko etxe jabeekin eta muinoa babesten zuen elkartearekin. Izan ere, Elorzak sustaturiko planak ez zuen eremuko ondarea babesten –bainuetxea, Easo kaleko horma eta muinoa bera–, eta ez zuen babes ofizialeko etxebizitza berririk egitea aurreikusten.
Horiek horrela, 2013an Bilduk San Bartolomeko hirigintza plana “aurrera eramateko” proposamena aurkeztu zuen: muinoko komentua hotel bihurtzea –jatorrizko fatxada mantenduz–, bainuetxearen fatxada Arroka plazara lekualdatzea, begiratoki bat eta parke publiko bat sortzea, igogailu bertikal bat jartzea eta muinoaren mendi hegalean hirugarren sektoreko establezimenduak jartzea. Horretarako, 2010eko Hiri Antolamendurako Plan Orokorra aldatu zuten 2014an, gainerako udal taldeen babesarekin.
“Bidegabeki leporatzen digute, datua faltsua delako, guk, alkatetza galdu genuen arte operazioa eraman genuenean, San Bartolomeko etxebizitza berrien batez besteko salmenta prezioa metro koadroko 9.000 eurotik gorakoa izatea nahi genuela. Gezurra da. Inon ez da hori agertzen. 2010ean onartu gabe utzi genuen Plan Orokorrean agertzen denez, etxebizitza berriak metro koadroko 5.500 eta 6.000 euro artean salduko zirela aurreikusten zen”, zehaztu du Elorzak.
Ingurune berdea
Alkate ohiak gogorarazi du merkataritza gunea eremu berde batean dagoela, “eremu babestu batean”. Elorzaren hitzetan, ezin da bertan eremu berde baten “simulazioa” egin, “parke deitzen diotena, gainera”. “Hori ez da parke bat, eremu berde bat da, leku batzuetan hormigoiaren gainean lur begetala isuri dutelarik. Hor lau landare mota jarriko dituzte, eta ezin zaio parke deitu zuhaitzik jarri ezin den leku bati”, adierazi du.
Elorzak “benetako parke bat” egitea proposatu zuen ekainean, erdian bide bat izango duena, eta goitik irisgarria izango dena, “60 zuhaitz espezie baino gehiagorekin”.