San Bartolome hustu eta merkataritza gune bat jartzeko lizentzia onartu du udalak
Donostiako Udal Gobernuak iragarritakoa bete du. San Bartolome muinoa hustu eta barruan merkataritza gune bat jartzeko lizentzia eman dio New San Bartolome enpresari. San Bartolomeko b.20.2 CE.05 lurzatiari dagokio onarturikoak. Amara Bai, Erdian Bizi, Dendartean eta Haritzalde elkarteek diote lizentziak “irregulartasunak” dituela.
Horrela ere, udalak aurrera egin du, eta 2007an eremu hori garatzeko proiektuari merkataritza gune batekin eman nahi dio bukaera. Beste elementu batzuk ere aurreikusi dituzte: oinezkoentzako gune handi bat Aldapetako aldaparen azken zatian, hegalean ibiltzeko eskalinata bat, merkataritza eta ostalaritza gune bat, egonaldi eta aisialdirako gune ireki berriak, merkataritza galeriaren goiko aldera igoko den igogailu bat —irisgarritasun handiagoa emango diena aldameneko etxebizitzei—, txandakako eta bertakoentzako aparkalekuak eta 200 plaza inguruko bizikleta publiko eta seguruen geltokia.
Enpresako iturriek hainbat hedabideri aurreratu diotenez, lanak aurtengo urtea amaitu baino lehen hasiko dira, eta hiru urte inguru iraungo dute. Hala, ustekabeko ezustekorik gertatzen ez bada, lanak 2027aren amaieran amaitu beharko lituzkete, eta merkataritza gunea 2028aren hasierarako ireki.
Beraz, San Bartolome muinoa barrutik hustuko dute 8.000 metro koadro eta bost solairu dituen merkataritza zentroa eraikitzeko.