LABO Geo aurkeztu dute, Gipuzkoan zehar dantza zabalduko duen egitasmoa
LABO Geo (Gorputza eta ondarea) aurkeztu da gaur goizean, LABO programak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan egina. Egitasmo hau Gipuzkoan aurrera eramaten ari diren bestelako dantza egitasmo batzuekin osatzen da, hala nola, LABO GO (sorkuntza-prozesuen erakusleihoa) eta LABO XL (Donostiako espazio eta hizkuntza eszeniko berrien jaialdia).
Azaldu dutenez, LABO Georen helburua “dantza eta praktika garaikideak Gipuzkoako landa-udalerri txikietara eramatea da”. Proposamenak kaleko ikuskizun eszenikoak eta bitartekaritza jarduerak biltzen ditu, kultura, ondarea eta partaidetza eskutik helduta dauden jardunaldiak sortuz. Ekimen honen helburua da “hirietako praktika artistiko garaikideak deszentralizatzea” eta “espazio eta publiko berriak sortzea, ingurunean eta komunitatean integratuz”.
Labo Geo Larraulen izango da irailaren 14an eta 15ean, eta hurrengo asteburuetan Mutiloara eta Altzora iritsiko da, hurrenez hurren. Antolatzaileek, gainera, doako autobus zerbitzuak jartzen dituzte nahi duenaren eskura (Donostiatik eta Tolosatik, aldez aurretik izena emanda), kultur hitzordu horietara joan ahal izateko. Ondorengo artistak izango dira: Borja Bordonabe, Jone Amezaga eta Manu Gaigne, Mari Zaunka, Dab, Cielo Raso eta Osa + Mujika, besteak beste.