San Bartolomeko proiektuaren inguruko «gardentasun falta» salatu dute hainbat elkartek
San Bartolome muinoa hustu eta barruan merkataritza gune bat jartzeko lizentzia eman zion atzo udalak New San Bartolome enpresari. Horren aurrean, Amara Bai eta Erdian Bizi auzo elkarteek, Ba Gera eta Dendartean merkatarien elkarteek, Haritzalde Naturzalen Elkarteak eta Ondare Ondarearen Defentsa Elkarteak EAJk eta PSEk osatutako gobernu taldearen “gardentasun falta” salatu dute, datozen urteetan Donostian egin nahi den “lanik garrantzitsuenaren aurrean”.
Adierazi dutenez, gai zerrendan sartuta ez zegoen bilera batean onartu da lizentzia, “sekretismo hutsez baliatuz”, izan ere, inguruko auzotarrek eta merkatariek ez dute sarbiderik izan eraikuntza eta urbanizazio proiektuetarako. “Proiektu horiek udalari eskatu zaizkio, erantzunik jaso gabe, jakinik obrek iraun bitartean eguneroko bizitzan izango duten eragina izugarria izango dela; alegia, harri asko zulatuko da, kontuan hartuta merkataritza zentroaren altuera gehi lau aparkaleku solairuak 45 metrokoak izango direla. Hori guztia inolako justifikazio sozio ekonomikorik ez duen merkataritza zentro baten mesedetan. Baita 200 aparkaleku plaza ere, urtean 150.000 auto gehiago mugituko baitira Emisio Baxuko Eremuan, dagoeneko dauden aparkalekuei buruzko 2024-2029ko Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Planaren datuen arabera”, nabarmendu dute elkarteek.
Gainera, Dendartean merkatarien elkarteak merkataritza gunearen aurkako errekurtsoa aurkeztu zuen, eta epaia ematear den honetan, “lizentzia emateko presa eta iluntasuna” onartezinak direla nabarmendu dute.
Elkarteen gisan, atzo, Odon Elorza alkate ohiak ere proiektuaren inguruko gardentasuna eskatu zion udalari.