Udal Etxebizitza Plana hobetzeko hemezortzi neurri aurkeztu ditu EH Bilduk
Babestutako etxebizitza publikoaren parkea handitzea eta hutsik daudenak merkaturatzea premiazkoa dela dio udal taldeak.
Etxebizitzaren arazoari aurre egiteko, Donostia tentsio handiko eremu “lehenbailehen” izendatzea beharrezkoa dela dio EH Bilduk. Horren harira, agerraldia egin dute gaur Juan Karlos Izagirre bozeramaileak eta Ricardo Burutaran zinegotziak, udaletxean. Udal Etxebizitza Plana hobetzeko hemezortzi neurri aurkeztu dituzte.
“Proposatutako neurriek honako ardatz hauek dituzte: etxebizitza publikoen ehunekoa handitzea, kalifikazioa erabiltzea Babestutako Etxebizitza Publikoarren ehunekoa handitzeko eta hutsik dagoen etxebizitza mobilizatzea”, azaldu dute. Aurkezturiko neurriak “estrategikoak” direla diote, “etxebizitza publiko babestua sortzeko aukera berriak sustatzen dituelako eraikitzeko beharrik gabe, besteak beste”.
Dena dela, harago joatea erabaki du udal taldeak: “Abuztuan Etxegintzan ezohiko kontseilu bat eskatu genuen gure proposamenak edo gainerako alderdi edo eragile sozialek ere aurkeztu dituzten beste batzuk soseguz eztabaidatu ahal izateko. Badakigu proposamen horiekin bat datorren gehiengo nahikoa dagoela. Etxebizitza eskuratzeko zailtasuna da donostiarren arazo nagusietako bat. Datuek, gainera, egoera ez dela hobetzen berresten dute, kontrakoa baizik: merkatua tentsionatuta eta zifra errekorretan dago, metro karratuaren prezioa 6.000 eurotik gorakoa izanik. Ezin diogu errealitate honi bizkarra eman, ezta larritasuna kendu ere, larria baita. Zoritxarrez, isiltasuna izan da erantzuna eta kontseilu hori ez da gauzatu. Ez da eztabaidarik izan, ez azterketarik, ez hausnarketa partekaturik”.
Horrela ere, proposaturiko hemezortzi neurriak berretsi ditu EH Bilduk. Hau dira, zehaztuta:
1.- Alokairuaren arrazoizko prezioa sustatzea. Indarrean dagoen plangintzan aurreikusitako eraikigarritasuna nagusiki erabileren mistotasunaren alde egiten duen eredu batera egokitzea proposatzen dugu.
2.- Alokairuko babes publikoko etxebizitza sustatzea, babes publikoko etxebizitzetarako gordetako ehunekoa legezko gutxienekoen gainetik handituz, gaur egun dagoen etxebizitza babestuaren desoreka eta defizita zuzentzeko.
3.- 600 m2 baino gehiagoko sabaia eraiki daitekeen lurzatien eraikigarritasun berriaren sabaiaren % 30 etxebizitza babestu gisa kalifikatzea, eraikuntza berriko edo birgaitze handiko bizitegi-jarduketa handien kasuan, jabetza horizontaleko erregimenean banatu gabeko bizitegi-eraikinen kasuan edo, eraikigarritasun haztatua handitzen den kasuetan.
4.- Bizitegi-dentsitate txikiko auzoetan populazioa areagotzeko neurriak ezartzea, baldin eta garraio publikorako irisgarritasun ona badute. Horretarako, bizitegi sabai berriaren % 50 gutxienez kalifikatuko da, batez ere alokairu-erregimenean babes publikoko etxebizitzak eraikitzearen ondorioz.
5.- Etxebizitza babestua erostea alokairu babestura bideratzeko. Helburua alokairuko etxebizitza babestuen kopurua handitzea da. Gainera, etxebizitza guztiek kalifikazio iraunkorra izango lukete.
6.- Etxebizitza babestuetan tanteo eta erretraktu eskubidea (Lehentasunez Eskuratzeko Eskubidea ere deitua) aplikatzea. (Babestutako etxebizitzak besterentzeko espekulazioa saihestuz).
7.- Eremu degradatuetan lurzorua erostea, babes publikoko etxebizitzak birgaitzeko eta eraikitzeko sustapen berriak egin ahal izateko, eremu berriak hartu eta artifizializatu beharrik gabe.
8.- Etxebizitza hutsak merkaturatzeko edo alokairu-merkatuan bitartekaritza jarduera eta programa berriak sortzea. Gainera, Alokabide udal programa berregituratzea eta indartzea proposatzen dugu, programa horretan erregistratuta dauden etxebizitzen erantzun-denbora murrizteko.
9.- Hutsik dauden etxebizitzei kanona ezartzea aztertzea, legeak aurreikusten dituen baldintzen baitan.
10.- 3/2015 Legeak jasotzen duen bezala, Jenderik Gabeko Etxebizitzen Erregistroan inskribatutako etxebizitzen nahitaezko alokairua aplikatzeko modua aztertzea, baldin eta erregistroan inskribatu eta urtebete igaro ondoren hutsik jarraitzen badute.
11.- Maizterrari eta jabeari aholkularitza emateko bulegoa sortzea. Aholkularitza-bulego bat sortu nahi da, maizterren eta jabeen eskubideei eta betebeharrei buruzko informazioa ematen laguntzeko.
12.- Eraikinen eta etxebizitzen irisgarritasuna hobetzen laguntzea, auzo eta kolektibo ahulenetan interbentzioak ardaztuz, eta alokairura bideratzen diren etxebizitza libreak birgaitzeko edo egokitzeko udal-laguntzen lerro ekonomiko berri bat ezartzea Alokabide udal-programaren bidez.
13.- Lehendik zeuden etxebizitzak zatitzeko edo bereizteko araudia aldatzea, etxebizitzen baldintzak arautuz, informazioa emanez eta etxebizitza horien erdia etxebizitza babestura bideratzera baldintzatuz. Etxebizitza babestuen kopurua handitu nahi da, kasu honetan, etxebizitza handien banaketak eta zatiketak baimenduz.
14.- Lokalak etxebizitza bihurtzeko Ordenantzaren aldaketa bultzatzea, bertako baldintza batzuk malgutuz eta etxabeak etxebizitza babestu gisa kalifikatuz. Babestutako etxebizitzen kopurua handitzea da helburua, eremu berriak artifizializatu edo hartu gabe.
15.- Udalbatzak Etxebizitza Planaren urteko ebaluazioa egitea.
16.- Diagnostikoaren dokumentuan eta Etxebizitza Planean 2025-2027 aldian eraiki beharreko aurreikuspen gisa aipatzen diren 1.067 etxebizitza babestuetatik honako hau zehaztea eskatzen dugu: Horietatik zenbat izango dira alokairu-erregimenean?
17.- Epe ertain-luzerako etxebizitzak eraikitzeko aurreikuspen-eremuetan alokairuerregimenean aurreikusitako etxebizitza-kopuruaren zehaztapen berbera eskatzen dugu (2033).
18.- Loiolako Kuarteletan babestutako etxebizitzen ehunekoa handitzea. Sinestezina da % 100 publikoa den eremu batean Donostiako Etxebizitza Planak etxebizitza babestua eraikitzeko aurreikuspenetan gutxieneko ehunekoa ontzat ematea, hau da, % 40.