Boga Boga jaialdiak Yann Tiersen ekarriko du urrian
Boga Boga jaialdia urrian berpiztuko da. Joan den asteburuan eta datorrenean hiriko hainbat gunetan musika eskaintza oparoa egin ondoren, urriaren 27an, kontzertu berezi bat antolatu dute: Yann Tiersen musikari frantsesa ekarriko dute. Oraingo honetan, ordea, ez da Donostian izango, Getarian baizik. Balentziagaren museoan, hain zuzen. Sarrerak bihar jarriko dituzte salgai.
Bere belaunaldiko musikaririk errespetatuenetako bat da Yann Tiersenn. 2001ean egin zen ezaguna nazioartean, Amelie filmaren soinu bandaren konpositore gisa. Bere ibilbide profesionala, baina, haratago doa.Ez da inoiz leku berean gelditu, eta beti bilatu ditu bide berriak: musika urbanoa, abangoardiakoa, minimalista, rocka, valsak, chansona… Hiru soinu bandaz eta zuzeneko hiru diskoz gain, beste dozena bat titulu ditu dagoeneko; 1995ean eman zuen argitara lehenengo lana, La Valse des Monstres. Kerber Complete lanean bildu dituen azkeneko piezek erakusten dute bere musika-bidaiak beti bezain ausarta izaten jarraitzen duela.