Hirugarren Kutixik jaialdia aurkeztu du Balio Dutek: Tatxers, Bloñ, Neu Troia, Mirua eta MICE
Balio Dute kolektiboak gaur aurkeztu du, hirugarrenez, Kutixik jaialdia. “Autogestio oinarri eta helburu” duen kolektiboak, beste urte batez, euskara hutsez abestuko duen jaialdia antolatu du. Urriaren 26an izango da, eta sarrerak salgai dira dagoeneko Donostia Kulturaren webgunean.
Kolektiboko kide den Neu Troia taldeak Arriskuaren Xarma aurkeztuko du. Urte hasieran argitaratutako lanak, pop eta psikodelia ukituak ditu, atmosfera ezberdinetan bidaia proposatuz.
Mirua hirukotea Tolosatik dator: elektronikaren olatu berrietan kokatu daitekeen arren, euskal tradiziotik asko edaten duen hirukoa da. Mirua EPa aurkeztu zuten 2022an eta orain beren bigarren erreferentzia lantzen ari dira.
Bloñ taldea Baxenabarreko bi musikari ezagunen elkarlanetik sortu da: Paxkal Irigoyen eta Maia Iribarne. Bañolet filmerako soinu banda izan behar zuenak disko zirraragarri bat ekarri zuen, eta, orain, ikuskizun dibertigarri eta hunkigarria. EHZn izugarrizko showa antolatu zuen, eta, Intxaurrondoko kultur etxe barruan horrelako pirotekniarik erabiliko ez duten arren, emango dute zer esana.
Tatxers iruindarrek atzo bertan argitaratu zuten Ezpatei Dizdira! lan berria. Poparen eusko gudarien antzera, ez dute kantu bakar bat ere uzten himno bihurtu gabe. Kutixiken aurkeztuko dute haien lana.
Eta azkenik, MICE taldea. Miren Narbaiza elgoibartarraren bakarkako ibilbidea ekarri zuen MICEk, baina bakarkakotik gutxi: izugarrizko musikariez inguratuta egiten baitu bere ibilbidea Narbaizak.