Zaintzaren sektorea eta euskararen harremana aztertuko du Kontseiluak jardunaldi batean
Zaintza sektorearen egoera ezagutu eta euskalgintzatik eskaini daitekeena aztertzeko mintegia antolatu du Kontseiluak, irailaren 26an Donostian.
Jardunaldia antolatu du Euskalgintzaren Kontseiluak, datorren urriaren 26an, zaintza sektorearen eta euskararen arteko harremana aztertzeko. Kontseiluaren ustez, euskalgintzak, askotan, “bazter uzten du” zaintzaren sektorea, eremu sozioekonomikoaz ari denean. Horregatik, besteak beste, “estrategikoa” den eztabaida dela uste dute.
Bada arantza bat. Kontseiluak dioenez, “euskararen gaiak tentsioak” sortzen dituela eremu horretan, alegia.Batetik, euskaraz zaindua izateko eskubidea egon beharko lukeela, eta, bestetik, zaintzan aritzen diren langileak omen direlako “euskararako irisbiderik zailena dutenak”.
Hori horrela, egoera ezagutu eta euskalgintzatik eskaini daitekeena aztertzeko helburua du mintegi honek. “Batetik, gogoetarako gunea izango da, esaterako, aholkularitzen sektoretik zein bide urratu diren hausnartzeko. Bestetik, etxez etxeko eta zaintzaren alorreko langileen sektorearen erradiografia bat egiten saiatuko gara, irakurketa feminista bat eginez, eta, nola ez, sektoreko langileei eurei ahotsa emanez. Era berean, helduen euskalduntze alfabetatzeari zer nolako erronkak dakarzkion ere aztertuko dugu. Arlo sozialean, ostera, korapiloa askatzen saiatzeko martxan jarritako hainbat esperientziaren berri ere jasoko dugu”.
Mintegia irailaren 26an, 9:00etatik 14:30era, egingo da, Donostiako Santa Teresa Komentuko KMK aretoan. Parte hartzea doakoa da, baina, aurretik izena eman behar da, irailaren 23a baino lehen.
EGITARAUA
09:00-09:30 Zer da eremu sozioekonomikoa euskalgintzarentzat? Nor utzi du kanpoan? Zergatik da zaintza estrategikoa euskararentzat?
- Idurre Eskisabel Larrañaga, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia
09:30-10:15 Nola eragin du orain arte euskalgintzak?
Aholkularitza sektoreko eragileak
10:15-11:00 Nork zaintzen gaitu? Zein baldintzatan? Sektorearen erradiografia bat ikuspegi feministatik.
- Ainhoa Olaso Sopelana, Bilgune Feminista
- Miren Aranguren Etxarte, Emagin Elkartea
11:00-11:30 Kafe-etena.
11:30-12:15 Zaintzen gaituztenei entzute ariketa.
- Maitelan
- Trabajadoras no domesticadas
- Bidez Bide
12:15-13:00 Helduen euskalduntze-alfabetatzeak zer du eskaintzeko? Zer egokitzapen du egiteko? - Euskaltegi-barnetegien ikuspuntua
13:00-13:45 Esperientzia praktikoak.
- Kabia
- Badalab
- Usurbilgo Zaintza Ekosistema
13:45-14:15 Ondorioak eta itxiera