Asteburu honetan abiatuko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa
Gipuzkoa Bertsotan izeneko lehen fasen parte hartu zuten 74 bertsolarietatik, 34k lortu zuten txapelketara pasatzea; horietatik lau donostiarrak dira.
Gero eta gutxiago falta da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren garailea ezagutzeko. Asteburu honetatik aurrera lehia zirraragarrian murgilduko dira lurraldeko 34 bertsolari onenak, eta horien artean, lau donostiar arituko dira: Manex Mujika, Asier Azpiroz eta Beñat eta Unai Gaztelumendi anaiak.
Larunbatean, hilak 14, final zortzirenak egingo dira Urretxun; biharamunean, berriz, Lasarte Orian. Lehen bi datak gertu dauden arren, zaleek aste batzuez itxaron beharko dute donostiarrak oholtza gainean ikusteko: Unai Gaztelumendi Hondarribiko final zortzirenen saioan ariko da, hilaren 28an; Manex Mujika, Andoaineneko saioan, hilaren 29an; eta Asier Azpiroz, Azpeitikoan, urriaren 5ean. Final zortzirenen sei saioak egin ostean, Beñat Gaztelumendi aurreko txapelaren garailea gehituko da lehiara, 2019ko txapelketako finalistekin batera. Añorgatarrak Errenterian izango du final laurdenen saioa, urriaren 20an.
Aurreko fasearen antzera, saio guztietako bost irabazleak zuzenean pasatuko dira finalaurrekoetara, eta guztira hemezortzi bertsolari lehiatuko dira maila berrian. Talde hori seinaka banatuko dute eta finalaurrekoak hiru igandetan jokatuko dira jarraian, Oiartzunen, Zarautzen eta Arrasaten. Azken hiru hitzorduetatik aterako dira ,hain zuzen, Donostian, abenduaren 14an jokatuko diren zortzi finalistatik hiru. Illunbeko final handira ailegatzen diren gainerako bostak puntuazioaren arabera sailkatuko dira.