Bost urteko espetxe zigorra eskatu diete COVID garaian atxilotutako sei gazteri
2021eko urtarrilaren 20eko istiluetan atxilotutako sei gazteek epailearen aurretik pasatu beharko dute urriaren 22an.
Guztira 30 urteko espetxe zigor eskaera jaso dute 2021eko urtarrilaren 20ean, Parte Zaharrean atxilotu zituzten sei gazteek. Covid garai betean, jende multzoak saihestu nahi izan zituzten politikariek, eta San Sebastian bezperan, Parte Zaharra husteko polizia operazioa jarri zuten martxan. Ertzainek hainbatetan jaurti zituzten pilotak eta herritar batzuek objektuak jaurti zizkieten agenteei. Gazte bati masail hezurra hautsi zioten eta horrez gain, sei atxilotu eta zortzi ertzain zauritu izan ziren istiluotan. Bada, orain, Parte Zaharra Aske! plataformak jakinarazi duenez, orduan atxilotutako sei lagunek urriaren 22an deklaratu beharko dute epailearen aurrean. Gazteei desordena publikoa, autoritateari atentatua, kalteak eta lesioak egotzi dizkiete.
Plataformaren arabera, “espetxe zigor eskaera larriak dituen muntai polizial bat” sortu dute orduko istiluen harira. Zabaldutako oharrean gogoratu dute, halaber, San Sebastian bezperako istiluak ez zirela kasu isolatua izan, eta geroztik, gazte ugari epaituak izan direla pandemian zehar emandako “jazarpen errepresiboaren” ondorioz: “Behin eta berriz salatu dugu osasun larrialdiaren aitzakia baliatuz oinarrizko eskubide sozial eta politiko guztiak debekatu zituztela agintari politikoek, gazteriaren kontrako kriminalizazio kanpaina politikoa abiatzearekin batera”.
Parte Zaharra Aske! Plataformak auziperatutako gazteen “absoluzioa” eskatu ez ezik, “errepresioari modu kolektiboan” erantzuteko deia luzatu du: “Epaiketa berri honen aurrean antolatuko ditugun ekimen eta jaialdi ezberdinetan parte hartzeko deia luzatzen dugu”, adierazi dute kideek.