Dena irabazi osteko kresalaren zaporea
Donostia Arraun Lagunak-ek denboraldia borobildu du Kontxako Bandera hirugarrenez irabazita. Nesken traineruak jokaturiko bandera guztiak astindu ditu, eta agerian utzi du Kantauri itsasoko trainerurik onena izan dela. Kontxa ez ezik, Euskotren liga eta Gipuzkoako, Euskadiko eta Espainiako traineru txapelketak ere eskuratu dituzte. Emakumezkoen arraunaren historian, lehen aldia da klub batek dena irabazten duela.
Hamar urteko itsas bidaia bete du Donostia Arraun Lagunak-en emakumezkoen traineruak, eta urteurrena dena irabazita ospatu dute. Kontxako Bandera hirugarren aldiz astindu zuten pasa den igandean, eta horri batu behar zaizkio aurten irabazitako liga, txapelketak eta udako jaitsierak. Klubak 2015ean nesken trainerua uretaratu zuenetik, paladaz palada, Donostiako arraunaren erreferente izatea lortu dute. Hiru Kontxa ez ezik, hamarkada batean eskuratu dituzte hiru liga, Euskadiko hiru txapelketa, Gipuzkoako bi txapelketa eta Espainiako txapelketa bat ere. Kresalaren zaporea ahoan dutela elkartu gara Martuteneko Lugañenea baserrian Itziar Eguren presidentearekin, Juan Mari Etxabe entrenatzailearekin eta Ane Sanchez arraunlariarekin.
«Klubaren ibilbide luzean zehar etapa desberdinak egon dira. Garaipen bakoitza iritsi denean ospatu da, eta momentuko garrantzia eman diogu. Munduko bi txapeldun izan genituen, mutilen traineruak Espainiako txapelketa bat irabazi zuen eta klubak eboluzionatzen jarraitu zuen. Gaur egun, emakumezkoen traineruaren garaia da. Azken hamar urteotan garatu den proiektua da, eta, bai, orain arteko urterik onena aurtengoa da. Garaian garaikoaz gozatzea dagokigu», nabarmendu du Egurenek.
Donostia Arraun Lagunak-en gidaritza Etxabek hartu zuenetik, bizitzen ari direnak gozotik gehiago du gazitik baino. Dena dela, sanjoandarrak dio denboraldi batean dena irabaztea ez dela «ohikoena» arraunean: «Noizbehinka gertatu ohi da. Mutiletan, Zumaiak lortu zuen [1984an], jokaturiko bandera guztiak irabazi zituztenean. Aldiz, emakumeen arrauna orain dago indarrean, orain da bere garaia, eta orain ari dira errekorrak egiten. Eta bai, emakumezkoetan, Donostia Arraun Lagunak da jokaturiko bandera guztiak irabazi dituen lehendabizikoa». Egurenek gaineratu du beraiek lorturikoa «esanguratsuagoa» dela: «Zumaiak egindakoa ikaragarria izan zen, baina guk estropada gehiago jokatzen ditugu egun, eta, ondorioz, zailagoa da. Beraz, konparazioa ezin da berdinetik berdinera egin. Guk lorturikoak balio handiagoa dauka».
«Emakumeen trainerua azken hamar urteotan garatu den proiektua da, eta aurtengoa da orain arteko urterik onena»
Itziar Eguren, presidentea
Kontxako Bandera borobilena
Hirugarren Kontxako Bandera astindu zuen pasa den igandean Donostia Arraun Lagunak-ek. 2021ean eta 2023an eskuratu zituzten beste biak. Orioren marka berdindu dute, eta beste bi behar dituzte San Juanen eta Galiziaren bost banderak berdintzeko. Lehena oso berezia izan zen, pandemia ostekoa izan arren. Hirugarrena, berriz, balio handikoa da, hasi eta buka dominatu zutelako. Sailkatze estropada ez ezik, bi jardunaldiak ere irabazi zituzten. «Sekulakoa izan da guretzat, borobilena. Taldea indartzeko balio du, batzeko eta aurrera egiteko. Datorren sasoian maila honekin jarraitu nahi dugu, talde barruan sentimendu hori dugulako», nabarmendu du Etxabek. Kontxa guztiak desberdinak direla adierazi dute hiruek, eta bakoitza bere testuinguruan kokatu behar dela. «Pozgarriena da irabazitako hiru Kontxako Banderetan jende berria egon dela traineruan», esan du Sanchezek.
Dena dela, lorturikoaren bestelako irakurketa bat plazaratu nahi izan du entrenatzaileak: «2021ean, lehen Kontxa irabazi genuenean, kasualitate moduan ikusi zuten askok. 2022an ez genuen irabazi, eta gure momentua pasatu zela pentsatu zuten batzuek. Iaz, ordea, bigarrena irabaztean, zorte kontua izan zela esan ziguten. Gauza okerragoak ere. Izan ere, talde hau asko jipoitu dute kritikekin; batez ere, sare sozialetan». Sanchezek hori bera berretsi du: «Horrela gertatu da, bai. Sareetan jasotako kritikez gain, beste arraunlari batzuek eta haien familiek gutxietsi gaituzte. Bizitzen ari garena beraientzat nahiko lukete, baina gure momentua da. Errazegi kritikatu gaituzte, jakin gabe egin behar izan dugun lan guztia».
Aurtengo Kontxan errekorrik ez dutela gainditu ere esan diete. «Lorturikoari garrantzia kentzeko beste arrazoi bat da errekorrena aipatzea. Are gehiago, besteek maila jaitsi dutelako irabazi dugula ere entzun dugu. Nire ustez, errekorrak gainditzeko moduan geunden, baina ez ginen horren bila joan», azaldu du Sanchezek. «Gure lorpenak gutxietsi dituzte, dena zorte hutsera mugatuta, eta gure prestaketa zalantzan jarrita. Ni naiz entrenatzailea, eta badakit zenbat entrenatu duten, zer nolako esfortzua egin duten, zenbat sufritu duten, eta horren guztiaren emaitza da azken urteotan lorturikoa. Horregatik, oso harro nago», gaineratu du Etxabek.
Hiriko trainerurik onena
Donostia Arraun Lagunak-ek aurten hiriari eman dion guztiaren ondoren, ez dirudi bueltan tamaina bereko aitortza jaso duenik. «Orokorrean, hori da sentitzen duguna. Donostiak Kontxako Bandera dauka, eta hemengo klubek ez dituzte jarraitzaile asko, beste herri batzuekin alderatuta. Hiri honek ez du San Juanek, San Pedrok edo Oriok arraunarekiko duten atxikimendua eta zaletasuna. Adibide bat jarriko dut. Euskadiko txapelketa irabazi genuenean, pena izugarria sentitu nuen. Arrapalara iritsi ginenean, soilik arraunlarien senideak eta lagunak zeuden. Zalerik ez zegoen gure zain. Udalak ere ez zigun ongietorririk egin. Benetan hotza izan zen», deitoratu du Etxabek. «Erabat ados nago gure entrenatzailearekin. Gogoan dut udaberri aldean Donostiako Udaleko kiroletako zinegotziarekin hitz egin nuela. Aipaturiko gabezia horiek aipatu nizkion. Guk dena ematen dugu, hiria mailarik gorenera daramagu, urtetik urtera hobetzen ari gara, eta ez gara bueltan jasotzen ari maila bereko aitortza».
Baikorrak izateko arrazoiak ere badituztela uste dute Etxabek eta Egurenek. «Aurten hasi gara ikusten gure jarraitzaileak gero eta gehiago direla. Ospakizunetan jende gehiago batzen da, eta kalean gure kamiseta gehiago ikusten dira. Sentimendu berezi bat heldu dela uste dut. Nolabait, Donostiak badu traineru bat herritarrekin bat egiten duena. Azken batean, hiru liga, hiru Kontxa eta txapelketa ugari irabazi ditugu, eta aitortza pixkanaka sentitzen ari gara», esan du entrenatzaileak. «Egia da jendeak irabazlearekin bat egiteko joera duela, baina noizbait iritsi behar zitzaigun herritarren babesa, eta iristen ari da», nabarmendu du Egurenek.
«Sekulakoa izan da Kontxa hirugarrenez irabaztea. Taldea batzeko, indartzeko eta aurrera egiteko balio du»
Juan Mari Etxabe, entrenatzailea
Lorpenik bereziena
Denboraldiko garaipen edo bandera bat aukeratzea ez da erraza, bakoitza berezia delako. Horrela ere, bustitzea erabaki dute hiruek. «Bereziena Kontxa da, zalantzarik gabe. Emozioagatik eta estropada desberdina delako. Aldiz, taldearentzat oso garrantzitsua izan zen txapelketak itsaso txarrarekin irabaztea. Itsasoan ondo moldatzen ez garela entzun izan dugu, eta, aurten, estropada eremu guztietan eta askotariko baldintzekin irabazi dugu», adierazi du Sanchezek. Arraunlariarekin bat egin du Etxabe entrenatzaileak: «Kontxako Bandera da ederrena, eta ikusgarritasun gehien ematen duena, mediatikoena. Halere, ni harro nago irabazitako ligarekin. Hilabete askotako lanaren emaitza da, eta taldeak eman duen maila onaren eta erregularraren isla. Ordea, liga irabazteari ez zaio horrenbesteko garrantzi ematen. Eta guk bi urtez jarraian irabazi dugu! Badirudi soilik Kontxako Bandera eskuratzeak balio duela».
Pasa den igandeko «ospakizuna» da Egurenek aipatu duen «lorpena»: «Kalejiran Portu kaletik Plaza Berriraino joan ginen txaranga batekin, eta herritarren berotasunarekin. Garai bateko Kontxa haiek gogora ekarri zizkidan, arraunaren zaleekin konpartitzen eta bizitzen zirenak. Plaza jendez gainezka zegoen, eta han egindako ospakizuna izan zen bereziena. Zoragarria izan zen udaletxe zaharreko balkoiak irabazitako banderez beteta ikustea. Ohorezko balkoi horiek ireki zizkiguten, eta hori da irabazi dugun estropadarik garrantzitsuena».
Horrez gain, irabazitako guztiaren atzean dagoena nabarmendu du Etxabek: «Denek jarritako gogoa erabakigarria izan da. Zuzendaritzatik hasi eta arraunlari guztien ekarpeneraino. Taldeak urrats sendoa egin du. Gakoa aldagela izan da, talde barruko giroa. Bada aurtengo anekdota bat gutxitan aipatu dudana. Laura Jaramillo arraunlariak bikotekidearekin utzi eta momentu txar bat pasatzen ari zela, klubera deitu eta arrauna utziko zuela esan zigun. Horren aurrean, taldeak zerbait egitea erabaki zuen. Telebistarako elkarrizketa bat egin behar zuela aprobetxatuz, taldeko kide guztiak joan ginen Laurari laguntzera. Asko eskertu zuen, eta baliagarria izan zen harentzat, baina baita guretzat ere».
Irabaztera ez dira ohitu
Donostia Arraun Lagunak-ek dena irabazi arren, hiruek aitortu dute ez direla irabaztera ohitu. «Ez gara behin ere ohituko, beti nahi duzulako irabazi, irabazi eta irabazi», dio Etxabek. «Ezin zara ohitu, bestela lasaitu egiten zara, eta gero oso zorrotza bihurtzen zara. Estropada bat irabazten ez baduzu amorratzen zara, eta irabazi arren, bigarrenari ateratako aldea txikia bada, muturra okertzen duzu. Dena dela, badakigu noizbait azken garaipena izango dela», adierazi du Sanchezek. Garaipen bakoitza desberdina dela berretsi du Egurenek: «Hiru txapelketak irabaztea ikaragarria izan zen, batez ere, Espainiakoa, lehen aldia zelako. Ligan ere, orain arte irabazi gabeko estropada eremuetan izan gara onenak. Horrek asko pozten zaitu, eta irabazten jarraitzeko grina areagotzen dizu».
Dena irabazita, datorrena nola kudeatu behar duten ere badakite. «Anbizioarekin egin behar dugu aurrera. Hobetzeko gauzak baditugu, beraiek badakite, eta nola egin behar dugun ere badakigu. Bilatuko dugu beste xarmanta bat taldea motibatzeko», esan du Etxabek. «Egia esan, motibatuta gaude, eta badakigu horrelako beste denboraldi bat bizitzea ia ezinezkoa dela», erantzun dio Sanchezek. «Nik, berriz, uste dut gai garela aurtengoa gutxienez berdintzeko. Azken batean, zer da kirola? Urte batetik bestera hobetzea. Dituzun erremintekin moldatu behar zara, forma eman, eta duzunari ahalik eta errendimendu onena atera», ziurtatu du Etxabek.
Hurrengo denboraldian dena irabazten ez badute ere, argi dute porrot gisa ez dutela hartuko. «Egia esan, ez gara kopetilun jarriko, baina bai gure ingurua. Orduan baloratuko da aurten egindakoa. Horrelako denboraldiak egin eta historia idazten duzunean, urte batzuk behar dira behar bezala jabetzeko», adierazi du Etxabek.
«Zortzi gara hiru Kontxak irabazi ditugun arraunlariak. Familia bat gara, eta horrek eraman gaitu gauden tokira»
Ane Sanchez, arraunlaria
Historia berridazten
Arestian aipatu moduan, laburra da Donostia Arraun Lagunak-en emakumezkoen traineruaren historia. 2015ean atera zuten ontzia uretara, baina lanketa prozesua urtebete lehenago hasi zutela gogoratu du Egurenek. «2014an hasi ginen kartelak jartzen, udazkenean, Kontxako Banderaren ondoren. Gerora, 2015ean hasi ginen lehiatzen. Donostiako Berdintasuna izenarekin uretaratu ginen, klubaren 50. urteurrenarekin bat eginez. Izen horrekin hasi ginen, emakumezkoen traineru bateratu bat izateko ideiarekin. Gerora, jakina da gertaturikoa, eta gure bidetik egin behar izan genuen aurrera. 2016an, Donostia Arraun Lagunak gisa aritu ginen, eta 2017an sailkatu ginen liga jokatzeko. Ordutik aurrera, lan eginez iritsi gara gauden lekuraino».
Klubaren izena aipatuta, Egurenek nola erabili behar den gogoratu nahi izan du: «Donostia Arraun Lagunak gara, 1995ean sortu zena, bi klubek bat egitean [Donostia Arraun Batzordeak eta Arraun Lagunak elkarteak]. Joxe Mari deitzen den pertsona bati ez diozu Mari edo Joxe deitzen, ezta? Batzuek oraindik Arraun Lagunak soilik erabiltzen dute, eta gure izenak Donostia darama aurretik».
Izenaz harago, klubaren izaera bera ere nabarmendu du presidenteak: «Klub honetara etorri nintzenean, errespetuz tratatu ninduten lehen aldia izan zen. Aurreneko aldiz, arraunlari sentitu nintzen. Ez emakumea nintzelako, arraunlaria baizik. Horregatik, eskatzen dudana da errespetuz tratatzeko arraunlariak. Neskak dira, baina, batez ere, arraunlariak. Printzipio horiekin egin dugu aurrera». Era berean, historia nola berridazten ari diren adierazi du: «Inbertsio txikiarekin, baina pertsona egokiekin, horrelako maila ematera iritsi daitekeela erakutsi dugu. Hori bai dela batera arraun egitea. Gosea eduki behar da, gosetuta dauden arraunlariak eta horri aurre egiteko proiektua». Gose horrekin bat egin du Sanchezek: «Zortzi gara hiru Kontxak irabazi ditugun arraunlariak. Oso esanguratsua da hori. Azken batean, familia bat gara, eta horrek eraman gaitu gauden tokira».
Hazten jarraitzeko bidea
Aurrera egiteko eta hazten jarraitzeko baliabide gehiago behar ditu Donostia Arraun Lagunak-ek. «Beti presionatuko gaituzte, eta beti presionatuko ditugu. Erakundeekin lana daukagu. Aurten saiatu gara bide bat irekitzen, baina ez dugu erabat lortu. Egunotan udalaren deiren bat jasotzea espero dut, berriz ere elkartu eta aipaturiko bidea berrartzeko», esan du Egurenek. Ordea, zer da klubak Donostiako Udalari eskatzen diona? Argi erantzun du presidenteak: «Klubak hazten jarraitu nahi du, eta horretarako kirol instalazio berriak behar ditu. Baserri hau oso polita da, 100 urte baino gehiago ditu, xarma berezia du, baina zaharkitua eta txikia geratu zaigu».
Txomiñenea eta Martutene auzoei zabaldurikoa da klubak esku artean duen proiektua. «Harrera ona izan zuen agintarien partetik, borondate ona erakutsi zuten, baina udalaren apalen batean geratu zen. Hazkundea ezin digute eten, baina badirudi ez dutela gu hazterik nahi», deitoratu du Egurenek. Halere, mezu baikor bat gaineratu nahi izan du: «Nire itxaropena da Martuteneko kartzela botatzean, gure txanda izango dela. Hori bai izango litzatekeela aurrerapauso bat klubarentzat eta emakumezkoen traineruarentzat. Hiru liga eta hiru Kontxa irabazita, eta Kantauri itsasoko trainerurik onena izanda, tokatzen zaigu zerbait jasotzea».